"Barrearen sukar garai bat bizi dugu; Zornotzan ere harrera itzela izan du"

Aritz Maldonado

Ane Leturiaga, Bira espazioan.

Madrilera dantzari profesional ikasketak egitera joan eta hamar urtera, Ane Leturiaga dantzariak Bira espazioa sortu du Zornotzan. Irailean zabaldu zituen ateak, eta durangarra pozik dago zornotzarrek egin dioten harreragaz.

Noiztik izan duzu buruan Bira espazioaren moduko espazio bat sortzea?
Orain hamar urte, dantza ikasketa profesionalak egitera joan nintzen Madrilera. Nire ametsetariko bat kalitatezko formakuntza jasotzea izan da, eta gero dantzarako espazio seguru bat eskaini ahal izatea, gertukoa eta euskaraz. Orain urte bi inguru, hori lantzen hasi nintzen, lokal bat begiratzen. Bira Zornotzan zabaltzea apustu handi bat zen, durangarra naizelako, baina, tira, Zornotzan hiru urte neramatzan klaseak ematen.

Madril leihotxo moduko bat izan zen, nire bidea topatzeko. Hiriek badute zera hori, anonimotasuna, askatasuna, guztia eskura edukitzea... baina gero sare bat topatzea, beharbada, ez da hain erraza. Urteetan oso gustura egon naiz han, profesional legez ere bai, baina alde pertsonal hori betetzea falta nuen, eta neure proiektuari ekiteko ordua heldu zela sentitu nuen. Neure erara egin gura nituen gauzak. Umetan eta gaztetan dantza oso modu diziplinatuan egin eta gero, dantza egiteko espaziorik barik geratzen zarela uste dut, eta, besteak beste, Zornotzan hutsune hori betetzeko asmoagaz ekin nion Bira proiektuari. 

Zelan definituko zenuke Bira espazioa?
Guztiz espazio amateurra da. Nik ikasi nuen dantzatik gaur egun eskaintzen denera aldaketa handia egon da; dantzari buruz dagoen ikuspuntua asko garatu da. Nire belaunaldikoen artean ere, dantzarekiko beste jarrera bat erakusten duen olatu bat dago. Nik zelan ikusten dudan Bira? Lehenengo eta behin, gozatzeko espazio bat. Niretzat oso garrantzitsua da gorputzagaz benetako konexio bat izatea, dantza gorputzaren mugimendutik datorrelako, azken batean; adierazteko beste modu bat da. Dantzara dedikatzen garen askorentzat gure gorputza gure lanabesa den arren, asko epaitzen dugu, asko exijitu, eta autoboikota ere egiten dugu. Biran, gorputz, adin eta maila guztiek dute leku bat, denentzat dago lekua hemen; gertuko giro batean dantza egingo dugu eta ez da lehiakortasunik egongo, ez da konparaziorik egingo.

Dantzara modu sano batean hurbiltzea eta espazio abegikor bat eskaintzea gura dugu. Bestalde, Euskal Herrian dantza burbuila oso erdalduna dela igarri dut. Ni hamar urtegaz hasi nintzen dantzan, eta nire inguru osoa euskalduna zen, ikastolan, etxean, lagun artean... baina dantza gaztelaniaz zen beti. Beraz, niretzat garrantzitsua da umeei dantzan euskaraz egiteko espazio bat eskaintzea. Helduentzat ere espazio inklusibo bat izatea gura dugu. 

Barre teknika ere eskaintzen duzue. Modan dago?
Barre dantzaren sukar garai bat bizi dugu. Barre dantza 2021ean heldu zen nire bizitzara, Madrilen nengoela. Ordura arte, Euskal Herrian ez zen existitzen. 2023an hona itzuli eta gero, Bilboko gimnasio batean lanean hasi nintzen, eta barre eskolak eskaintzen hasi nintzen. Harrera itzela izan zuen, baita hemen ere. Hamar klase ditugu jada, denak ia beterik. Bilbotik, Durangotik, Abadiñotik... datozen ikasleak ditugu, eta baita zornotzarrak ere, jakina. Oso diziplina funtzionala da, ohiko entrenamenduetako ariketak eta balleteko oinarrizko posturak nahasten dituena. Beste ezaugarrietariko bat da tempo musikala erabiltzen dela, hau da, ariketa koreografiatuak dira, dinamikoak eta azkarrak. Baita gogorrak ere. Koordinazioa eta mugikortasuna ere lantzen ditu. Oso aberatsa da eta, behin probatuta, jendeak gustuko du. Adibidez, yoga edo pilates jorratzea gustatuko litzaidake, baina gaur egun jendeak barre teknika gura du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!