Zornotzako Jauregibarriako zelaietan Zornotzako Nazioarteko Krosaren 72. edizioa jokatuko da datorren domekan, urriaren 18an, nazioarteko kros-egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Gaur aurkeztu dute ekimena, udaletxean. Zornotza Kirol Elkarteak antolatutako proba World Athletics Cross Country Tour Gold zirkuituko maila gorenean dago, eta hainbat mailatako atletak bilduko ditu udalerrian, eskola-adineko kirolarietatik hasi eta nazioarteko eliteko atletetaraino, udalak ohar batean zehaztu duenez.
Egitaraua 9:40ean hasiko da, 14 eta 16 urtez azpiko emakumezkoen probekin. Ondoren, maila bereko gizonezkoen lasterketak eta 12, 18 eta 20 urtez azpikoen probak jokatuko dira. Jardunaldian, desgaitasuna duten atletentzako proba ere egingo da, 11:25ean, eta herri-lasterketa mistoa 11:40ean hasiko da.
Nazioarteko maila absolutuko lasterketek emango diote amaiera lehiaketari. Emakumezkoen proba 12:15ean hasiko da, eta gizonezkoena 13:00etan, biak 8.700 metroko ibilbidearekin. Horrela, Jauregibarriako zirkuitua atleten, kluben, familien eta kros-zaleen topagune bihurtuko da beste behin.
Herri lasterketa eta zozketa
Egitarauko hitzordu aipagarrienetako bat 4.700 metroko herri-lasterketa izango da, 2008an edo lehenago jaiotako pertsonei zuzendua. Gehienez 300 lagunek parte hartu ahal izango dute proban, eta atletismo-zaleek nazioarteko kirol-hitzordu honen parte izateko aukera izango dute.
Aurten, berrikuntza gisa, bertako produktuez osatutako saski bat zozkatuko da proba bakoitzeko parte hartzaileen artean. Saski bakoitzak 100 euroko balioa izango du, eta zozketa egiteko kirolarien dortsal zenbakiak erabiliko dira. Ekimen honen bidez, tokiko produktuei ikusgarritasuna eman nahi zaie.
Izen-ematea gaur, urriak 14, 24:00ak arte egongo da zabalik, www.cdzornotza.eus webgunearen bidez. Izen emateak 5 euroko kostua izango du, eta lasterketa-egunean ez da izen-ematerik onartuko. Dortsalak domekan banatuko dira, zirkuituaren sarreran, ordainketa egin izanaren egiaztagiria aurkeztu ondoren.
Aurkezpenean, Ainhoa Salterain alkateak kirol-hitzordu honek udalerriarentzat duen garrantzia nabarmendu du: “Zornotzako Nazioarteko Krosa kirol-lehiaketa bat baino askoz gehiago da; Amorebieta-Etxanoko historiaren eta nortasunaren parte garrantzitsua da. 72. ediziora iristea eta nazioarteko krosaren elitean jarraitzea harro egoteko modukoa da gure udalerriarentzat”, adierazi du.
Espainiako Kluben arteko Kros Txapelketarako sailkapen-proba
Nazioarteko izaeraz gain, Zornotzako Nazioarteko Krosaren 72. edizioa Espainiako Kluben arteko Kros Txapelketarako sailkapen-proba izango da. Txapelketa azaroaren 22an jokatuko da, Atapuercan (Burgos). Kluben arteko sailkapenak egingo dira 16, 18, 20 eta 23 urtez azpikoen mailetan eta maila absolutuan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan.
Era berean, Zornotzako Nazioarteko Krosa Euskadiko Nazioarteko Krosak ekimenaren parte da, Donostiako, Amurrioko eta Elgoibarko nazioarteko krosekin batera. Ekimen horren helburua Euskadin krosa sustatzea eta lehiaketen arteko lankidetza indartzea da.
Trafikoan eta aparkalekuan aldaketak
Krosa dela eta, Zornotzako Udalak behin-behineko neurriak ezarriko ditu trafikoan eta aparkalekuan. Jauregibarriako aparkalekuan ezin izango da ibilgailurik aparkatu urriaren 17ko 23:00etatik urriaren 18ko 17:00etara.
Era berean, urriaren 18an, 07:00etatik 14:30era, ibilgailuen zirkulazioa debekatuta egongo da, baimendutako ibilgailuentzat eta bertako bizilagunentzat izan ezik. Udalak herritarrei neurri horiek kontuan hartzeko eskatu die, joan-etorriak aldez aurretik antolatzeko.
Gaurko aurkezpenean izan dira Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea, Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendari nagusia eta Kimetz Bilbao Zornotza Kirol Elkarteko ordezkaria. Aurkezpenean, Salterainek kirol-hitzordu honek udalerriarentzat duen garrantzia nabarmendu du: “Zornotzako Nazioarteko Krosa kirol-lehiaketa bat baino askoz gehiago da; Zornotzako historiaren eta nortasunaren parte garrantzitsua da”, adierazi du.
Egitarauari, arautegiari eta izen-emateei buruzko informazio guztia www.cdzornotza.eus webgunean dago eskuragarri.