Japoniako manga eta anime kulturak ospatzen dituen Mangamore jaialdiaren edizio berria Zornotzara iritsiko da asteburuan. Aurten, hogeigarren edizioa izango du herriko egutegian guztiz txertatua dagoen jaiak. Ekitaldi erakargarrienetako bat, zapatuan egingo den ekitaldi berezia izango da. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Igone Gonzalez eta Sofia Izaguirre bikoizketa aktoreek; Naruto, Dragoi Bola Super, edota One Piece bezalako telesail entzutetsuetan lan egin dute. Santi Romanok (Demode quartet), Jokin Lacallek (Seiren) eta Leire Iturbek (Euskadi Orkestra) ere parte hartuko dute. "Ni behin egonda nago hemen, eta gustora itzuliko naiz ostera", azaldu du Iturbek; 19:00etan egingo dute ekitaldia, Amorebieta IV frontoian. Ostean, Gamephonyk kontzertua eskainiko du.
Beste gonbidatu berezietako bat, Julen Taboada izango da; Go!azen telesaileko aktorea karaoke lehiaketako gonbidatu berezia izango da. "Urte hauetan guztietan jaialdiak hazten eta garatzen jakin du, bere izaera ireki, parte-hartzaile eta familiarra galdu gabe, eta japoniar kultura adin guztietako publikoari hurbilduz", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak.
Zornotzako eragileak
Mangamore Zornotzan errotzearen arrazoietako bat, herriko elkarteek duten parte hartzea da. "Mangamorek tokiko ordezkaritza zabala izango du aurten ere. Zornotzako artistek, elkarteek, establezimenduek eta kolektiboek zuzenean parte hartuko dute programazioan, jaialdiaren eta udalerriaren lotura indartuz". Besteak beste, Artist Alleyan parte hartuko duten sortzaileak, Forjadores elkartea, Antxeta establezimendua eta Ukabidea taldea azpimarratu dituzte.
Goizeko 11:00-20:00 bitartean egingo dira tailer eta ekitaldiak zapatu eta domekan, eta Zornotza osoko gune desberdineta. Programazio osoa jaialdiaren webgunean ikusi daiteke, eta antolatzaileek ekitaldiak doakoak direla nabarmendu dute.