11:00etako dianagaz emango diote hasiera egunari, eta, ondoren, Zornotza osoan zabalduko da jaia. Aurten, nobedade legez, kalejira bikoitza egingo dute, 12:45ean hasita. "Ibilbide bi egingo ditugu, bakoitza bere musikagaz, kantuagaz eta dantzagaz", azaldu du Iñaki Gonzalez antolatzaileak. Gogotsu hartu dute aurtengo erronka ere. "Zornotzako elkarte guztiek parte hartuko dute eta horrek badu bere lana, denekin batu behar izaten dugulako, baina aldi berean gozatua da gero hainbeste jende parte hartzen ikustea. Urtean behin egiten dugu, baina zein ondo konpontzen garen ikusten da bertan", azaldu du. Zornotzako abesbatza guztiek, Udaberri dantza taldeak, Udazken txistulari taldeak, zanpantzarrek eta Etxanoko erraldoiek parte hartuko dute. Horiek ez dira izango etxeko ordezkari bakarrak; izan ere, Jonkassek bingo musikatua zuzenduko du, eta Kittu eta Zutik taldeek ere kontzertuak emango dituzte. Goizetik hasi eta azken kontzertua amaitu arte, barra zabalik egongo da egun osoan zehar.