Ume jaioberriak dituzten familiak euskarara hurbiltzeko liburua kaleratu du Zornotzako Udalak

Aritz Maldonado

Zornotzako Udalak Ongi etorri mundura, txiki! liburua kaleratu du. 0 eta 3 urte bitarteko umeak dituzten familiak "laguntzeko baliabide" bezala aurkeztu dute ekimena. Barikuan, hilak 25, Zelaietan egingo duten ekitaldian banatuko dituzte liburuak; hitzordua 17:30ean izango da. 

"Euskara gure nortasunaren parte da, eta belaunaldi berriek lehen egunetatik bizi ahal izatea gura dugu: etxean, kalean, jolasten, abestien eta eguneroko une txikien bidez. Liburu hau helburu horrekin sortu da: familia zornotzar guztientzako hurbileko tresna izatea, bakoitzaren hizkuntza-errealitatea edozein delarik ere", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Argitalpenak hiru bertsio ditu: euskara-gaztelania, euskara-errumaniera eta euskara-arabiera.  

Lehenengo banaketa ekitaldian 350 ale inguru banatzea aurreikusten du udalak. Ekitaldian liburua aurkeztuko da, eta Kontu Kantari taldeak argitalpenean jasotako hainbat abestirekin ikuskizuna eskainiko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!