Martitzenetik aurrera, martxan jarriko dute Gure Lurreko Merkatua azoka

Aritz Maldonado

Ordezkari politikoak eta ekoizleak. 

Tokiko produktua herritarrei hurbiltzeko asmoagaz, Gure Lurreko Merkatua aurkeztu dute Zornotzako Udalak, Urkiola Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak eta Zornotzako hainbat ekoizlek. Irailaren 22tik aurrera, martitzenero egingo dute azoka, 17:00-20:00 bitartean eta zortzi ekoizleren produktuak erosi ahalko dira bertan. 

"Merkatu honek lehen sektorea ahaldunduko du. Ordutegiak, gainera, herritarrak hurbiltzea erraztuko du", nabarmendu du ortu-lanetan hamabost urte baino gehiago daraman Jon Bastante ekoizle zornotzarrak. Urtza Uriarte Iraunkor elkarteko kideak ere idea bera azpimarratu du. "Bertako ekoizpena eta kontsumoa bultzatu behar ditugu, eredu zirkular baten mesedetan", azaldu du Uriartek. Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak azoka tokiko ekoizleen lana aitortzeko baliagarria izango dela nabarmendu du. "Garrantzitsua da lehen sektorea zaintzea". Erramun Osa ULGEF-eko lehendakariak ere, bide beretik jo du. "Urrutikoak izango balira bezala begiratzen diogu lehen sektoreari, baina bertan daude. Gaur egun, zuzeneko harremanak eraikitzeko zailtasunak dituzte, eta horregaitik dira hain garrantzitsuak plaza hauek"; Durangoko Etartea edota Elorrioko Anbotope bezalako esperientziak ere gogoratu ditu. 

Salterain alkateak, bestalde, merkatuak irauten duen orduetan Zelaieta parkingean doan aparkatu ahalko duela nabarmendu du, hiru orduz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!