Ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapen publikoa defendatu dute Legebiltzarrean

A. M.

ENEEK-Ekolurrak eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak agerraldia egin dute Legebiltzarrean, ekoizpen ekologikoaren kontrolari eta ziurtapenari eragiten dieten neurriak Lege Proposamenetik kanpo uzteko eskatzeko, besteak beste. 

Kontseiluaren berbetan, Lege Proposamenak bidea zabalduko du EAEn ekoitzitako elikagai ekologikoen kontrola eta ziurtapena kontrol-entitate pribatuen esku jartzeko. "Aldaketak ez die erantzuten lege-proposamenaren sinplifikazio eta arintze helburuei, eta aitzitik, arazo juridikoak, administrazio-konplexutasun handiagoa eta funtzionamendu arazoak eragin ditzake", azaldu dute. Kontsumitzaileen artean ere, "nahasmena" sor dezakeela nabarmendu dute, eta arrazoi ekonomikoek ez dutela erabakia justifikatzen. "Ekoizpen ekologikoaren inguruan oasatutako egitura eta lankidetza-sarea ahultzeko arriskua dakar, sektorearen kohesioa eta indarra murriztuz. Bestalde, eskaintzen duen kontrol eta ziurtapen zerbitzuak kostu lehiakorra du, eta kostuaren %60 inguru sektoreko eragileek ordaintzen dute, euren kuoten bidez. Era berean, kuoten bidez jasotzen dituen diru-sarreren gutxi gorabehera erdia, ekoizpen ekologoikoa sustatzeko erabiltzen da", azpimarratu dute.

Partehartzerik barik

Bestalde, aldaketa sektorearen parte hartzerik barik planteatzea kritikatu du Ekolurrak-ek. "Kontseilua Administrazioarekiko aholkularitza eta lankidetza organoa izan arren, ez zaio informaziorik eman, ezta kontsultarik egin ere, lege proposamena egiten ari zen bitartean. Nahiz eta gaur egun 836 eragile ekologiko ordezkatzen dituen eta bere gobernu-organoan sektoreko ordezkariak, kontsumitzaileen elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak biltzen dituen. Ekoizpen ekologikoaren sektorea ordezkatzen duten ekoizle elkarteei ere ez zaie informaziorik eman". Legebiltzarrean mezu argi bategaz amaitu gura izan dute agerraldia: "Europar Batasunak ezarritako erronka lortzeko ekoizpen ekologikoa indartu nahi bada, kontrol eta ziurtapen sistema publiko, independente, eraginkor eta sektorearekin batera gobernatutako baten alde egin behar da". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!