Gastronomia eta musika Ogenbarrenako jaien ardatz

Aritz Maldonado

Artxiboko irudia.

Irailaren 18an hasiko dituzte, ofizialki, Ogenbarrena auzoko jaiak, 18:00etako txupin jaurtiketagaz. DJ Zirkinek girotuko ditu festa eta tortilla txapelketa. Bestalde, zapatuan, irailak 19, egun osoan zehar izango dute zer egin auzokideek. Lehiaketa gastronomikoa izango da egunaren ardatza, baina erromeriek ere garrantzi handia izango dute: Kittu eta Sugaar taldeek doinu dantzagarriak joko dituzte. Steepers taldeak ere emango du kontzertua; talde beteranoak hard rock doinuak plazaratuko ditu. Karta-joko zaleek mus txapelketan lehiatzeko aukera izango dute, 17:00etan.

Domekan ere egongo da jaiaz gozatzeko aukera. 11:00etan hasita, merkatu solidarioa egongo da, eta 11:30ean dantza kubatarrak eta txistulariak. 15:00etan emango diete amaiera jaiei, txoripintxopotearen ondoren, hain zuzen ere.

XXV. Txistu Eguna
Aipaturiko ekitaldi sortaz gainera, antolatzaileek zapatuko (irailak 19) Txistu Egunaren 25. edizioa azpimarratu dute. Zornotzako Udabarri dantza taldea izango da protagonistetariko bat arratsaldeko ekitaldian (18:00), taldearen 60. urteurrena dela baliatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!