Bizkaiko bertsozaleek hitzordu berezia izango dute zapatu honetan, Zornotzan. Bizkaiko Bertsozaleen Eguna ospatuko dute, eta egitarau horren zati izango dira Bizkaiko Taldekako finalaurrekoak eta finala. Herrialdeko sei talde ailegatu dira finalaurrera, tartean, Durangaldeko bi: DuranGALDUEK eta Lirio loreak.
Egunari behar bezala ekiteko, Xiberu tabernan ipini dute hitzordua. Txabirenean batuko dira denak, 11:30ean. Segidan, 12:00etan, lehenengo finalaurrekoa jokatuko dute DuranGALDUEK (Durangaldea), Haritz eta Itsasok (Busturialdea) eta Far Westeko bertsolariek (Enkarterriak, Ezkerraldea eta Meatzaldea). Bigarren finalaurrekoa 13:30ean hasiko da. Bertan, Bypasseu (Busturialdea), Lirio loreak (Durangaldea) eta Karidadeko masokistak (Algorta, Getxo eta Uribe Kosta) lehiatuko dira.
Bazkaria Propi jatetxean egingo dute, 15:00etan, eta final handia bazkalostean bertan jokatuko dute. Otordurako sarrerak erosteko epea amaituta badago ere, antolatzaileek jakinarazi dute soberan gelditu diren sarrerak egunean bertan egongo direla salgai (39 euro).