Auzotaxiaren zerbitzua urte osora zabalduko dute Zornotzan, 24 orduz eta bidaia gehiagorekin

Anboto 2026ko abuztuaren 19a

Erabiltzaile bakoitzak egin ahal izango duen bidaia kopurua handitu egingo dute, eta urtean gehienez 310 bidaia egin ahal izango dituzte.

Zornotzako Udalak 2026ko abuztuaren 20an jarriko du martxan Auzotaxi zerbitzua erabiltzeko dirulaguntzen deialdi berria, zerbitzu hori erabiltzeko dirulaguntzak arautzen dituen Udal Ordenantza berria indarrean sartu ondoren. Deialdi berri honek udalak Auzotaxiaren ordenantza aldatzean onartutako hobekuntzak gehituko dituela azaldu dute prentsa oharrean. Aldaketa hori 2025eko apirilean iragarri zen, eta ZUOK programaren bidez zornotzar gazteek planteatutako beharrei erantzuten zien: udalerriko auzoen eta hirigunearen arteko mugikortasuna hobetzea, zerbitzuaren ordutegia eta erabilgarri dauden egunak handituz. Horrez gain, Auzotaxi zerbitzuko erabiltzaileek planteatutako beharrei ere erantzuten die. Berrikuntza nagusien artean dago zerbitzua zabaltzea: urteko egun guztietan emango da, astelehenetik igandera eta eguneko 24 orduetan. Horrez gain, erabiltzaile bakoitzak egin ahal izango duen bidaia kopurua handitu egingo dute, eta urtean gehienez 310 bidaia egin ahal izango dituzte.

Zerbitzuaren baldintza berriak
Bidaia bakoitzaren prezioa 16 eurokoa izango da. Udalak zenbateko horren zati bat diruz lagunduko du, pertsona onuradun bakoitzak egindako bidaia kopuruaren arabera:
- 1etik 50era bitarteko joan-etorrietan, udalak 12 euroko dirulaguntza emango du bidaia bakoitzeko.
- 51etik 100era bitarteko joan-etorrietan, dirulaguntza 9 eurokoa izango da bidaia bakoitzeko.
- 101etik 310era bitarteko joan-etorrietan, udalak 7 euroko dirulaguntza emango du bidaia
bakoitzeko.

Erabiltzaileek bonuak zuzenean eskuratuko dituzte udalean. Bonu bakoitzak 10 bidaia izango ditu eta prezio hauek izango ditu:
- 40 euro, 1etik 50era bitarteko bidaiei dagozkien bonuetarako.
- 70 euro, 51tik 100era bitarteko bidaiei dagozkien bonuetarako.
- 90 euro, 101etik 310era bitarteko bidaiei dagozkien bonuetarako.

Eskaerak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 30era arte egongo da zabalik. 2026ko aurreko Auzotaxi deialdian onuradun izateko baldintza aitortuta zuten pertsonek ez dute dokumentazioa berriro aurkeztu beharko. Udalak ofizioz aitortuko du haien onuradun izaera deialdi berrian.

Aurreko bonuen aldaketa
Deialdi berria indarrean sartzearekin batera, aurreko deialdian eskuratutako bonuek ez dute baliorik izango
egungo zerbitzuan abuztuaren 20tik aurrera. Aurreko bonuak ez dira galduko. 2026ko abuztuaren 20tik aurrera, erabili gabeko bonu zaharrak dituzten pertsonek Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzura joan ahal izango dute, bonu horiek berriekin trukatzeko. Aurkeztutako bonu kopuru bera emango zaie, eta ezarritako zenbateko berrien arabera dagokion aldea ordaindu beharko dute. Ordaindu beharreko aldeak honako hauek izango dira:

- 2 euro bonu bakoitzeko, 1-50 tarteko bidaiei dagozkien bonuen kasuan.
- 1 euro bonu bakoitzeko, 51-100 tarteko bidaiei dagozkien bonuen kasuan.
- 1 euro bonu bakoitzeko, 101-150 tarteko bidaiei dagozkien bonuen kasuan.

Sei taxilarik emango dute zerbitzua
Auzotaxi zerbitzu berria eskaintzeko, sei taxi profesionalek hitzarmena sinatuko dute Zornortzako Udalarekin. Erabiltzaileek haiekin harremanetan jarri ahal izango dute joan-etorriak eskatzeko:

- José Laso: 607 159 930
- Iker Iraola: 626 847 684
- Jon Uribarri: 608 974 855
- Ibon Horna: 615 748 417
- Borja Zallo: 696 957 587
- M.ª Teresa León: 681 192 521

"Deialdi berri hau martxan jartzearekin batera, udalak udalerriko mugikortasuna hobetzeko lanean jarraitzen du, Auzotaxi zerbitzua erabiltzaileen egungo beharretara egokituz eta auzoen eta udalerriaren erdigunearen arteko konexioa indartuz", azaldu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!