Zelan jaso zenuen kartela egiteko proposamena?
Udaletik deitu zidaten. Ea adineko jendeagaz elkarlanean jaietako kartela egiteko prest egongo nintzen galdetu zidaten. Baietz esan nien.
Zelakoa izan da elkarlana adinekoekin?
Modu horretan lan egin dudan lehenengo aldia izan da; orain arte beti egin izan dut neuk bakarrik, neure ideiekin. Nafarroa zentroko erabiltzaileekin elkarlanean egin nuen sortze prozesua; bertara joan nintzen, eurak ezagutzera eta eurekin berba egitera. Jaiak lehen zelan bizi zituzten kontatu zidaten, zelan gogoratzen dituzten, zelan gogoratzen duten euren gaztaroa, eta jaiak zein elementu, kolore eta momentugaz lotzen dituzten. Eurek esandako dena apuntatu, eta hortik abiatuta kartelean ideia guztiak batzen ahalegindu naiz.
Badute antzekotasunik eurek kontatutako jaiek eta zuk bizi dituzunek?
Egia esateko, bai, badute antza. Beharbada, beste musika bategaz lotzen dituzte jaiak, baina, azken finean, musikagaz eta dantzan ospatzen zituzten eurek ere. Txupinazoko kolore urdina, hain Zornotzako jaietakoa ere hor dago. Desberdin bizi zituzten jaiak, baina esentzian antzekoak dira orduko jaiak eta gaur egungoak.
Sortzerakoan, izan duzu horrelako beste esperientziarik?
Ez dakit zein punturaino duen antza, baina iaz Heitxi abeslariak diskoa kaleratu zuen eta elkarlanean aritu ginen hura ilustratzeko. Dena dela, elkarlana antzekoa izan arren, aurretik ez dut lan egin horrelako talde handi bategaz.
Txikitatik izan duzu marrazteko zaletasuna. Lanerako gurago duzu eskuz marraztu ala modu digitalean?
Bietara gustatzen zait. Eskuz marraztea asko gustatzen zait, baina lan profesionalagoak egiterakoan gehiago erabiltzen dut iPad-a. Zirriborroa arkatzez egiten dut, baina gero iPadean marrazten dut. Baina, tira, prozesua antzekoa da. Ordenagailuan, saguagaz beharbada galdu egingo da apur bat, baina arkatz digitalagaz antzeko sentsazioa da. Horixe da gehien gustatzen zaidan modua.
Zelan bizi dituzu Karmenak?
Jaietan lagunekin egotea gustatzen zait gehin. Beharbada txupinazoa dut gogokoen, goizetik denok batera gabiltzalako eta elkarregaz bazkaltzen dugulako. Gero datoz txupinazoa, kontzertuak, parranda...
Ilusioa egiten dizu zure irudiak jaiak iragartzeak?
Ilusio handia. Jendeak kalean ezagutu eta zoriondu egiten nau kartelagaitik. Gusatu zaiela esan didate. Kuadrillako lagun batek, Heitxik, kontzertua emango du aurtengo jaietan, eta horrek oraindino bereziago egingo ditu aurtengo jaiak.