Uztailaren 5ean egingo dute Enrike Renteria pintura lehiaketaren XXVIII. edizioa

A. M. 2026ko uztailaren 2a

Artxiboko irudia.

Domekan, uztailak 5, Enrike Renteria pintura lehiaketaren XXVIII. edizioa egingo dute Zornotzan. Irabazleak 500 euroko saria eramango du. Saritutako lanak Zelaieta zentroan egongo dira ikusgai. 

Asteburuan, Enrike Renteria pintura lehiaketaren modalitate tradizionala jokatuko da, hau da, aire zabaleko pintura lehiaketa. Parte hartzaileek 09:00-11:00 bitartean eman ahalko dute izena; ostean, teknika eta neurri librean, 17:00ak arteko tartea izango dute lanak entregatzeko. Ia 2.000 euro banatuko dituzte saritan, handiena, irabazlearentzako izango da, 500 eurokoa hain zuzen ere. 

Maiatzaren 4an hasi zen, ostera, aurtengo Enrike Renteria lehiaketaren edizio berria, 'Zintzilik' modalitatearen izen emateagaz; 21 lan aurkeztuko dituzte, eta Zornotzako hainbat balkoitan daude eskegita. Aurten, Zornotzako txokoei buruzko lanak aurkeztu dituzte, antolatzaileek horrela proposatuta. Zelaieta zentroan apropos jarritako hautesontzietan sari onena bozkatzeko aukera dute zornotzarrek. 

Renteria, artista autodidakta

Enrike Renteria Mardaraz 1900eko otsailaren 9an jaio zen Larrean, Zornotzan. Autodidakta, Kaitanako eskolan hasi zen margotzen. 1924. urtean Juan Gorbea eta Luis Iceta Athleticeko kapitainak ezagutu zituen, eta horiek, Isidoro Guinea eta Antonio de guezala margolariei erakutsi zieten bere obra. Urte horretan, Euskal Artisten Elkartean sartu zen; elkarte horretako kide izan zen 1937.urtean desagertu zen arte. Renteria bokazioz zen margolaria. "Bere bizitzan zehar jarrera hori bere horretan mantendu zuen eta gogor borrokatu zuen margotzen jarraitzeko", azaldu dute Zornoza elkarte artistiko kulturaletik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!