"Lan horiek nabarmen hobetuko dute errepidearen albo banatan dauden etxebizitza eta lantoki eremuen loturak. Izan ere, bide horretako zirkulazio bolumena handia da: 20.000 ibilgailu inguru dabiltza egunero, eta tartean, ibilgailu astun ugari", azaldu du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak. "Esku-hartze hori, bide-segurtasuna hobetzeko estrategiaren baitan dago. Azken hamabost urteetan N-634 errepideaan hainbat jarduketa egin dira, eta guztira 31,8 milioi euro inbertitu dira. Iurreta, Zornotza eta Zaldibarko bide -segurtasuna hobetzeko egin dira lanak; horietako batzuk, gaur egun garatzen ari dira, Zornotzako eta Zaldibarko kasuetan bezala. Obrak, txikiak zein handiak, ez dira proiektuaren zenbatekoaren arabera neurtu behar, sortzen duten onuraren arabera baizik", gehitu du. Ostera, Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak auzotarren segurtasuna eta babesa indartzea txalotu ditu. "Pasabide berriak bidegurutze seguruagoa eta ordenatuagoa ahalbidetuko du, arrisku egoerak ezabatu, eta guztiontzako mugikortasun eredu seguruago baterantz aurrera eginez".
"Eskari historikoa"
San Antonio auzoa bitan zatitzen du N-634 errepideak. Alde batetik, etxebizitzak daude, eta bestean jarduera ekonomikoko eremuak, adibidez, Inbisia enpresa parkea edota Arania enpresa. Ohikoak dira oinezkoen joan etorriak, batez ere, autobus geralekuetara joateko. Pasabidearen eginkizun nagusia, beraz, erabiltzaileek ibilbide hori ahalik eta segurtasun handienarekin egitea bermatzea da.