"Kolpe gogorra izan da, baina Almeriagaz berriro igotzeko borrokatzea da nire ilusioa"

Joseba Derteano 2026ko ekainaren 27a

Beste lau urterako kontratua du Almeriagaz.

Jon Morcillo Conesa (Zornotza, 1998) neguko merkatuan heldu zen Almeriara. Albaceten nekez ikusten zuen helburuak askoz ere gertuago zirudien talde andaluziarrean: Lehen Mailara itzultzea, bere sasoian Athleticegaz bizi izan zuen mailara. Baina hatz puntekin ikututako lorpenak ihes egin zien azken unean. Finalean, Malagatik emaitza onagaz (0-0) bueltatu ziren arren, etxean ezin izan zuten kanporaketa errematatu (1-2). Kolpea oraindino guztiz gainditu ez badu ere, hegaleko jokalari zornotzarrak baikor begiratzen dio etorkizunari.

Zer falta izan zaio taldeari helburua lortzeko?
Emozioak hobeto kudeatzea, beharbada. Denboraldian zehar, serio ipintzen denean eta barruan duen futbola ateratzeko kapaz denean, taldeak erakutsi du ez dagoela geratuko duenik. Urte osoan bigarren edo hirugarren postuan mantendu gara. Zuzeneko igoerak jardunaldi biren faltan ihes egin zigun, baina konfiantzaz geunden igoera faserako. Finalean, Malagako joanekoan emaitza ona lortu genuen, eta bueltakoan gure zaleen aurrean igoerak ihes egitea gogorra izan da. Lasaitasun puntu hori falta izan zaigu. 

Ez igotzea kolpe gogorra izan da?
Bai. Igotzeko ilusio handia genuen, eta, egia esanda, kolpe gogorra izan zen; jokalariontzat, klubarentzat, hiriarentzat… Eta arlo pertsonalean niretzat ere bai, jakina. Oraindino ez dut guztiz barneratu. Azken batean, nire egoerari buelta eman eta Lehenengo Mailara bueltatzeko ilusioagaz batu nintzen taldera. Albaceten ez nuen sentitzen hori lortu nezakeenik, baina Almerian bai, gertatu zitekeela sentitzen nuen, kalitate handiko jokalariak zeudelako. 

Hainbat urte eman nuen Athleticen, eta horregaz konparatzea oso gatxa da. Amorebieta eta Albacete klubak, adibidez, ez dira egitura horretara hurreratzen, normala den moduan. Almeria, duen ahalmen ekonomikoagaitik, gehiago hurreratzen zaio: azpiegiturak, bidaiak… Jokalari profesional sentitzen zara taldean, nik neuk behintzat sentitu dut. Gainera, mailaz igotzeko aukeragaz. Baina, tira, gauzak ez dira gura genuen moduan irten eta orain berriro jaikitzea eta hutsetik hastea tokatzen da. 

Gustura zaude aurtengo denboraldian erakutsitako errendimenduagaz?
Bai. Albaceten bost gol sartu ditut denboraldi honetan, eta Almerian beste hiru. Hegalean jokatzen duen jokalari batentzat zenbaki onak direla uste dut. Asistentziak ere banatu ditut. Bide honetan jarraitu gura dut. Erregulartasun apur bat gehiago falta zait, beharbada. Baina, bestela, gustura nago urteagaz. 

2021-2022 denboraldian futbolaren alderdi goxoa probatu zenuen Valladolid klubagaz Lehenengo Mailarako igoera lortuta. Aurten txanponaren beste aldea egokitu zaizu. Porrotetik zer ikasgai atera daiteke?
Futbolari baten ibilbidea horrelakoa da. Normalean, garaipenak baino porrot gehiago daude. Ni, pertsonalki, porrotek indartsuago egin naute, gerora oso baliagarri izan zaizkidan esperientzia eta perspektiba eman dizkidate. Valladolidegaz Lehenengo Mailara igo nintzenean edo Athleticegaz Superkopa irabazi nuenean dena koloretsu eta polit ikusten nuen, baina une horietan lorpenak ez dituzu behar den moduan baloratzen. Porrotek, ostera, sasoi hobeetako lorpenak gehiago baloratzen erakusten dizute. 

Denboraldi honetarako eta beste lau urterako kontratua sinatu zenuen Almeria taldeagaz. Bertan jarraitzeko nahia duzu ala egoera birpentsatzen ari zara?
Oso pozik nago Almerian. Pozik nago kontratuagaz eta hiriagaz. Bizi kalitate ona dut hemen. Almeriagaz berriro mailaz igotzeko borrokatzea da nire ilusioa. Argi dago klub bakoitzak edo entrenatzaile bakoitzak bere ideiak dituela. Beraz, ez dakit zer gertatuko zen, baina nire nahia hemen jarraitzea da, hemen bakarrik dut burua. 

27 urtegaz hainbat taldetan aritu zara: Athleticen, Valladoliden, Amorebietan, Albaceten, eta orain Almerian. Eskertuko zenuke egonkortasun apur bat?
Futbolean batzuetan ez dakizu egonkortasuna noiz helduko zen. Faktore asko sartzen da jokoan. Mundu guztiari gustatzen zaio estabilitatea, baina batzuetan futbolak ez dizu uzten. Baina, tira, urte batzuetan hemen jarraitzea eta mailaz igotzea gustatuko litzaidake. 

Zelakoa da futbol giroa Almerian?
Modu intentsoan bizi dute futbola. Taldeagaz oso konprometituta dagoen hiria da, alkatearengandik hasita. Zaleak taldearen gainean egon dira denboraldi osoan. Egia esanda, futbola Andaluzia osoan bizi da modu intentsoan. Denboraldian zehar derbi asko dago; gaur Cadizen aurka, hurrengoan Cordobaren aurka… Finala ere Andaluziako talde biren artekoa izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!