Haizetara, Zornotzako Kaleko Fanfarreen, Banden eta Musikaren Nazioarteko Lehiaketaren XIX. edizioa amaierara iritsi da, musikaz beteriko asteburu baten ondoren. Parte hartu duten 10 taldeek, euren onena eman dute hiru sarietako bat irabazteko helburuarekin.
Banda onenaren saria
Jou Gonzalez Doctor Deseoko saxofoi jolea (presidentea), Francisco Javier García (Txapi) musikari zornotzarra, Beatriz Concepción (Last Tour, Oso Polita records) eta Iratxe Osés Durangoko Sugarri Fanfarriako kideak osatutako epaimahaiak XIX. edizioko irabazlea Pierres&Fils banda izatea erabaki du. 15.000 euroko saria lortu dute.
Publikoaren saria
Barna Sabor Trubaca taldeak publikoaren saria irabazi du, eta izenak berak dioen bezala, herri-bozketa bidez erabaki da. 693 lagunek eman dute botoa irabazlea aukeratzeko. Taldeak 4.000 euroko saria jaso du.
Instrumentista onenaren saria
Epaimahaia arduratu da Haizetara jaialdiaren edizio honetako instrumentalistarik onena aukeratzeaz. 1.000 euro jaso ditu Super Panela taldeko sekzio erritmikoak. Jonas Chirouze, Valentin Jarry eta Cyril Decubber musikariek osatu dute taldea.