Haizetara kaleko musika jaialdiaren XIX. edizioan hamar taldek parte hartuko dute

A. M. 2026ko ekainaren 16a

Koldo Bilbao zinegotzia eta Ainhoa Salterain alkatea.

Ekainaren 19an hasiko da Haizetara kaleko musika jaialdiaren XIX. edizioa, 19:00etan, Zelaieta parkean; ekainaren 21ean amaitu da, 13:00etan, sari banaketarekin. Nazioarteko hamar taldek parte hartuko dute, eta bakoitzak lau emanaldi eskainiko ditu. 

Hainbat estilo nahastuko dituzte taldeek. Aurtengo edizioan 15.000 euroko sariarengatik talde hauek lehiatuko dira: Pierres&Fils (Frantzia), Banda Quetzal (Belgika), Les Roges brass band (Frantzia), Seven seas orchestra (Italia), Mamabrass (Madril), Fanfarria taquicardia (Vigo), Forbi Brass band (Hungaria), Los Justicieros (Madril), Super Panela (Frantzia) eta Barna sabor trubaca (Bartzelona); horiez gainera, Sugarri, Malatxo, Incasables, Mauxitxa, Sama Siku eta Zornotzako banda ere arituko dira kaleak girotzen. "Talde bakoitzak lau emanaldi eskainiko ditu udalerriko hainbat gunetan, hainbat estilo uztartuz: jazza, funka, bertsioak, konposizio originalak, musika elektronikoa, hip hopa...", azaldu du Koldo Bilbao zinegotziak.

Jaialdia domekako sari banaketagaz amaituko da, 13:00etan. Hiru sari banatuko dituzte: bandarik onenak 15.000 euroko saria eramango du, instrumentistarik onenak 1.000 eurokoa, eta publikoaren saria irabazten duenak 4.000 eurokoa. "Udaletik Haizetara bezalako ekimen baten aldeko konpromisoa mantentzen dugu, gure herriarentzat kulturaren, sormenaren eta bizikidetzaren adierazgarri delako. Jaialdi honek nazioarteko proposamenak ezagutzeko aukera ematen digu, eta aldi berean, Zornotzako bizipen partekatuen eta giro onaren topagune bihurtzen du. Horregatik herritar guztiak animatu nahi ditut kaleetan sortzen den jai giro honen parte izatera, guztion artean eraikitzen baita", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!