60 urte. Ez dira gutxi, gero!
Igone Idigoras: Honaino heltzea gauza handia da. Ni txiki-txikitatik nabil Udabarrin, bost-sei urtegaz hasi nintzen. Horregaitik, niretzat beti-betiko taldea da, asko maite dudana. Euskal kultura bultzatzeko talde legez sortu zen, 1966an, baina ez dantzarako bakarrik, baita mendi irteerak, Euskal Herria ezagutzeko txangoak, Santa Ageda, Olentzero eta nekazaritza azoka antolatzeko ere. Eta 60 urte bete baditugu, hori zornotzarrei eta bidelagunei eskerrak lortu dugu. Izan ere, Zornotzako etxe guztietan topatu daiteke Udabarri taldera loturiko baten bat. Eta ez bakarrik dantzari legez, hemen jende askok parte hartu duelako trajeak josten, azokak eta otorduak prestatzen, Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejirak antolatzen eta abar. Herri osoak parte hartu duenez, ospakizunek herritar guztiei begirakoak izan behar dute.
Ibai, zu belaunaldi gazteago bateko kidea zara.
Ibai Urrutxua: Zazpi-zortzi urtegaz hasi nintzen taldean, eta bertan eratu zen nire gaur egungo kuadrilla. Hamar-hamabost bat urtean egin genuen dantzan, eta gero, apurka-apurka, batzuk taldea uzten hasi ziren. 60. urteurrenean aspaldiko kideak berriro ere dantzan ikustea itzela izan da.
Zelakoa da taldearen egoera?
I.U.: Orain pare bat urte edo, ume kopuru oso txikia genuen Udabarrin, sekula ikusi den txikiena. Baina jendeagaz berbetan hasi ginen eta taldera bueltatzeko proposamena egin genuen. Gure ostetik zetozenei ere bai, dantzan egiten ikasi zezaten. Eta orduan mundu guztiari zabaldu genizkion ateak. Akorduan dut ehun pertsona baino gehiago batu zirela lehenengo bileretara. Eta hasierako euforia hori txikitu egin den arren, gaur egun 40 gazte berrik zein helduk jarraitzen dute astero etortzen. Dantzari Dantza bakarrik barik, Euskal Herriko beste hainbat dantza ere lantzen dugu. Eltziegokoak, Zuberoakoak, Otsagabiakoak, Gipuzkoako Sorgin dantza... Horrela, erakargarriagoa da dena.
I.I.: Bai. Iruditzen zait hainbat dantza taldetan gertatzen direla halako egoerak. Txikitatik hasten zara dantzan, gero uzten zoaz, eta halako batean taldera batzen zara berriro. Ibaik eta belaunaldi gazteko kideek bultzatuta, dantzari izandako hainbat lagun bueltatu da taldera. Gazteriak gazteria dakar.
60. urteurrena ospatzeko egun bakarra antolatu barik, urte osora zabaldu dituzue ekitaldiak.
I.U.: Joan zen zapatuan ekitaldi handia egin genuen frontoian. 200 bat dantzari batu ginen; baita musikariak, txistulariak eta laguntzaileak ere. Dantza ikuskizun bat egin genuen Euskal Herriko historia ardatz hartuta. Zazpi lurraldeetako bidaia baten parekoa izan zen. Lantalde oso bat egon da hori guzti hori antolatzen, eta aipatzekoa da, zelan ez, Aritz Labradorrek egindako zuzendaritza lana.
I.I.: Ospakizun sortako beste mugarri bat Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Zornotzan egitea izan da. Lehenengoz egin da hemen. Ikusten? Eskualdea handitzen gabiltza! Durangaldeko herri legez onartu gaituzte azkenean! (barrez).
I.U.: Udaren ondoren bazkari bat egitea dugu buruan, parrandatxo bat. Herri osoari begirako ekitaldia izatea gura dugu, komunitate osoarentzako eguna, denok batzekoa, bazkaltzekoa. Inklusiboa, dantzariak direnentzat zein ez direnentzat.