Zer esan gura du MAX saria eskuratzeak Anita Maravillasen moduko konpainia batentzat?
Txotxongilolari konpainia txiki bat gara, moduren batean independentea. Bat-batean, oso produkzio handiak batzen dituen MAX sarietan egoteak txikiok ere gauza politak eta kalitatezkoak egin ditzakegula erakusten du. Lantalde osoari egindako errekonozimendua da. Izan ere, eszenan aktore bi baino ez gauden arren, atzean Euskal Herriko hamaika profesional dago. Zenbait erronka artistiko hartu dugu eta publikoak ondo erantzun du. Sari honek erakusten du sektoreak ere ulertu dituela eta ondo hartu dituela erronka horiek. Eta horrek orain arteko bidean jarraitzeko indarra eman digu, gure intuizio artistikoei eusteko gogoa. Antzoki eta aretoek gugan ipinitako konfiantzari erantzuteko modua ere bada.
Errepublika garaiko maistrak omendu gura izan dituzue 'Andereño' antzezlanagaz. Baina munduan egon diren eta gaur egun dauden gatazken isla ere izan daiteke.
Aspalditik kaxoian gordeta genuen proiektua zen Andereño, eta errespetu handiz tratatu gura genuen. Barkuetan gerratik ihes egiteko eramandako umeen irudiei tiraka hasi ginen lanean. Umeen lekua eskola da, lagunekin egotea, jolasa... inoiz ez gerra. Hartara, garai hartan eta hurrengo belaunaldietan ere eskoletan andereñoek egindako lanari erreparatu genion. Errepublikako andereño haiek hezkuntzaren botere eraldatzailean sinisten zuten, hezkuntzak duen garrantzian. Beraz, bokazioa ere baden ofizio horri, eta zer esanik ez gerra testuinguru batean, omenaldia egitea pentsatu genuen. Memoria historikotik abiatuta estreinatu behar zen, baina nazioartean egoera geroago eta krudelagoa da. Eta antzokietan ikusi dugu oso presente dagoen gaia dela, orduango bizipenak eta gaur egungoak guztiz lotuta daudela. Umeak ume dira, orain 80 urte eta gaur egun, eta gerra egoera bat bizi behar izatea oso gogorra da. Ipuinen berbakera erabili dugunez, modu itxaropentsuan osatu dugu istorioa. Umeak dauden lekuan beti dago itxaropen aldarri bat.
Zelako harrera izan du 'Andereño' antzezlanak hiru urte hauetan?
Zoragarria. Adineko publikoa aretotik oso hunkituta irteten ikusi dugu. Eta umeak milaka galdera eginez. Izan ere, Andereño ez dago bakarrik umeei zuzenduta. Jasotako feedback-a zoragarria izan da. Gainera, umeak filosofo txikiak dira, eta askotan oso galdera zuzenak eta zentzudunak egiten dituzte.
Ia ez duzue berbarik erabiltzen, eta mugimenduak eta estetikak berebiziko garrantzia hartzen dute.
Antzerki bisuala gustatzen zaigu, eta mugimendua baliatuta sortzen ditugu ikuskizunak. Txotxongiloa mugimenduan dagoen poesia da guretzat. Hortik abiatuta, berba batzuk erabiltzen ditugu beti, istorioaren zerbitzura. Miren Amurizak egin ditu obrako testuak. Asko zaintzen dugu testua noiz eta zertarako sartu. Batez ere, iruditegiaren bidez sortzen dugu lana. Gainera, Fran Lasuenen musika zoragarriak eszena osoa darama publikoarengana.
Zelakoa da txotxongilolariaren eta aktorearen arteko lotura?
Anita Maravillas txotxongilo tailer batean jaio zen, Bartzelonan (Herrialde Katalanak). Guretzat tailerra funtsezkoa da, eta istorioagaz batera ipintzen da martxan. Txotxongiloekin dugun konpromisoa handia da. Pertsonaiak geure buruan sortzen ditugu lehenengo, eta Valentina Raposok gero egiten ditu. Aktoreak apurka egiten du bidea txotxongiloagaz. Txotxongiloen mundua magikoa da, oso iruditegi desberdinak sortu ditzakezulako. Andereño antzezlanerako animaliaz beteriko eskola bat sortu dugu.
'Tretatxu' antzezlanagaz zaudete orain buru-belarri.
Bai. Su txikian lan egitea gustatzen zaigu, 2-3 urteko sortze-prozesuak ditugu. Orain Tretatxu bidelapur bizkaitarraren antzezlanaren azken txanpan sartuko gara. Orain arteko lan guztia eszenatokira eraman eta obra eraikiko dugu. Urrian estreinatuko dugu.