Zapatuan, ekainak 13, Tilofest kultur topaketa ospatuko da Zornotzan. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zubiondo plaza aniztasunaren erakusleiho bihurtuko da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errumaniar eta errusiar-lipoveniar komunitateek jaialdia egingo dute-eta. Jaialdia integraziorako eta bizikidetzarako erreferente gisa finkatu da urterik urte, eta musikaz, dantzaz zein gastronomiaz beteriko egitaraua eskainiko dute zapatuan. Parte hartuko duten taldeen artean daude Juravca, A.C.E.V (talde eslaviar-euskalduna), Grupul Dorul Neamului, Alexandra Listrat eta Medea Ana Uram, Ghenadi Boldisor, Rodina elkartea eta Triki-Piu Band taldea. Ekitaldia Zornotzako Juravca elkarteak antolatu du udalagaz lankidetzan.
Historia eta sustraiak
Jaialdiaren izena, Tilofest, ezkiari (tilo) lotuta dago, hain zuzen ere, errusiar-lipovenoen komunitateak lotura estua duelako zuhaitz horrekin. Izan ere, XVII. mendean Errusiatik ihes egin ostean, Errumaniako Danubioko deltako ezki-basoetan kokatu ziren. Horregatik, "lipoveniar" izena errumanierazko lipa (ezkia) hitzetik dator.
Era berean, Juravca izenak (talde antolatzailearen izenak) "hegazti migratzailea" esan gura du. Izen horrekin, duela 400 urte Errusiatik hasi eta geroago Errumaniatik Euskal Herrira ekarri zituen migrazio-bidaia gogorarazi gura dute.