"Esperientziak sendoago jotzeko aukera eman digu, beste heldutasun maila bategaz"

Aitziber Basauri 2026ko ekainaren 7a

Asier Fernandez, Juan Diego Chancafe 'Jondi', Jonathan Santos 'Melas', Asier Goikoetxea 'Logan'  eta Jon Ander Agorreta 'Txonan'. txaber miravalles

Zornotzako eta Lea-Artibaiko (Bizkaia) kideek osatzen duten Eztandap taldeak hirugarren diskoa kaleratu du: Itzalak. Maiatzaren 25ean argitaratu zuten audio plataformetan, eta ekainean kontzertu bira hasiko dute. Martin L. Guevaragaz grabatu dute, Bilboko Silver Recordings estudioetan. Azken diskotik jauzi nabarmena eman dutela azaldu du Asier Fernandez taldekideak (Zornotza, 1989).

Zelan definituko zenuke 'Itzalak'?
Rock doinuek definitzen dute gure musika; hala ere, beste estilo batzuetako elementuak hartzea ere gustatu zaigu beti. Funk, blues, punk, metal doinuak... erabili ditugu. Orain ere bide beretik joan gara. Konposizioetan, geroago eta maila hobea dugu teknikoki. Estilo aldetik disko anitza eta dinamikoa dela esango nuke, beti ere rock doinuen barruan. Produkzio aldetik lan handiagoa egin dugu eta igartzen da. Soinuak energia handiagoa du.

Zer transmititu gura du diskoak?
Barruan duguna adierazi gura izan dugu beti. Kasu honetan, sufrimendua, eta adierazteko gogo horretatik zeozer polita sortu. Energia, indarra, alaitasuna eta ondo pasatzeko gogoa eragiteko abestiak sortzea dugu helburu. Disko honetan, sufrimendu hori zeozer positibo bihurtzeko baliatu dugu musika. 

Beraz, bakoitzaren itzal pertsonalak islatu dituzue diskoan.
Itzalak abestiak ematen dio izena diskoari; hala ere, esan daiteke abestietan badagoela ildo bateratu bat: egoera txar batetik abiatuta zelan lortzen dugun aurrera egitea, zelan kudeatzen dugun egoera. Horixe da diskoaren kontzeptua, eta diskoaren azala ere bada ideia horren isla: kintsugia dakarkigu gogora. Kintsugia japoniar jatorriko arte forma bat da, ehun urte baino gehiago dituena, eta apurtutako zeramikazko piezak urre hautsez erreparatzean datza. Norbere ahuleziekin, ezkutatu barik, zeozer polita egin daitekeela erakusteko modua da. Ideia horregaz jolastu dugu azala sortzeko, letrek diotena eta diskoaren irudia lotuta. Iluntasun batetik abiatuta argitasunera egindako bidea islatzen du Itzalak lanak.

'Eta ni begira' lanagaz alderatuta, zein da desberdintasunik handiena?
Orain arte legez, abestiak gure bizi esperientziatik abiatzen dira, eta gu ere helduagoak izanik, esan daiteke heldutasun hori igartzen dela. Hasierako ideia bat bota ondoren, denon ekarpenekin osatu ditugu abestiak. Itzalak diskoan denok parte hartu dugu gehiago. Jonathan Santos 'Melas' abeslariak hiru abesti sortu ditu, eta Juan Diego Chancafe 'Jondi' bateria-jotzaileak beste abesti bat.

Eztandap sortu zenetik, zelakoa izan da bilakaera?
Lehengo taldekide eurak gara, bateria-jotzailea kenduta. Aurrekoak iazko uztailean utzi zuen taldea, sei urteren ondoren. Elkar ondo ezagutzen dugu, eta, gainera, lagunak gara. Esango nuke orain bost urte ere gai ginela teknikoki orain jotzen dugun moduan jotzeko. Baina esperientziak sendoago jotzeko aukera eman digu, beste heldutasun maila bategaz. Apurka hobetuz joan gara, erosoago sentitzen gara. Gainera, gutariko bakoitzak musikan trebatzen jarraitu du.

Bilboko Silver Recordings estudioagaz grabatu duzue berriro. Zelakoa izan da sortze prozesua?
Bigarren diskoagaz izan genuen esperientzia oso positiboa izan zen, eta Martin L. Guevararengana jo dugu berriro ere. Orain urte bi oso ondo eraman gintuen eta oso soinu naturala eta organikoa lortu genuen. Gainera, orain argiago izan dugu zer eskatu, zer egin. Badakigu zer emateko gai garen. Soinuari dagokionez, asko findu ditugu gauzak (reverd efektuak, bateria...) Abesti batean sintetizadorea sartu dugu, eta beste batean panderoa... Instrumentuei dagokienez, estiloei dagokienez, disko anitzagoa da Itzalak. Oso pozik gaude emaitzagaz. Gainera, zortzi hilabete inguru daramatzagu kontzerturik eman barik, eta gogotsu gaude jotzeko.

Noiz hasiko zarete kontzertuekin?
Ekainaren 19an Eako jaietan joko dugu. Uztailean Galizian joko dugu, hilaren 2an Vigon, eta 3an Sarrian. Eta Zornotzako jaietan uztailaren 18an. Kontratazioa zabalik dugu eta kontzertu berriak iragartzen joango gara. Udara begira, sorpresaren bat ere izango dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!