Eusko Jaurlaritzak eta Gogorak Cosme Ayala Yoldi eta Manuel Hernáez Ruidíaz milizianoen gorpuzkiak bueltatu dizkiete familiei. Gudariok Zornotzako hilerrian topatu zituzten 2025eko uztailean, hobi komun batean. Eta, gaur, gerran hil zituztenetik 90 urtera, haien alabek jaso dituzte aita zirenaren gorpuzkiak. Gaur egin dute ekitaldia, Bilbon, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendaria eta Zornotzako alkate Ainhoa Salterain lagun. San Jose sailburuak esan duenez, "beharrezkoa da iragana berreskuratzea, gerra zibileko eta frankismoko desagertuak bilatzea, inoiz utzi behar ez zuten lekura itzultzeko, hori baita, hain zuzen ere, memoria egitea".
Cosme Ayala Yoldi eta Manuel Hernáez Ruidíaz milizianoak 1937ko apirilean hil ziren Elorrioko eta Muxikako gerra-fronteetan, hurrenez hurren. Desagertutzat jo zituzten biak, harik eta Aranzadi zientzia elkarteak Zornotzako hobi komuna argitara atera eta milizianoen alabek identifikazio genetikoa egitea ahalbidetu duten arte.
Ayala nafarra zen jaiotzez, eta Barakaldon bizi zen. Ezkondua zegoen. Bi alabaren aita zen, eta, ogibidez, laboraria. Meabe 1 Largo Caballero batailoiko miliziano modura borrokatu zuen, gaztedi sozialistari (Juventudes Socialistas Unificadas) atxikitako bataloian. 1937ko apirilaren 27an hil zen Elorrioko gerra-frontean. Hernáez, berriz, errioxarra zen jaiotzez. Bilbon bizi zen, ezkonduta zegoen eta alaba baten aita zen. Nekazaria zen hura ere. Gerran Zabalbide batailoiko miliziano bezala borrokatu zuen, Izquierda Republicanari atxikitako batailoian. 1937ko apirilaren 20an hil zen, Muxikako frontean.

Identifikazio gehiagoren bila
Zornotzako hilerrikoa hobi komun bakarra balitz bezala aipatu izan den arren, adituek diote 11 hobi komun egon zirela, eta 157 pertsonaren gorpuzkiak agertu zirela bertan. Orain arte, 8 pertsona identifikatu dituzte 157 horien artean. 1936ko abendutik 1937ko maiatzera bitartean Bizkaiko hainbat gerra fronteetan hildako gudariak dira guztiak, denbora tarte horretan Zornotzako ospitale militarrera zaurituta eraman ondoren hildakoak.
Hori dela eta, Gogora Institutuak gudarien senideak deitu ditu DNA probak egitera, gorpuzkiak identifikatu ahal izateko. Orain arte Zornotzan identifikatu dituztenak honako hauek dira:
- Adolfo Cengotitabengoa Izurza (Muskizkoa, Bizkaia)
- Jaime Iñiguez Nieva (Ortuellakoa, Bizkaia)
- Enrique Contreras, (Jaengo Linaresen jaioa eta Aretxabaletako bizilaguna -Gipuzkoa-)
- Benigno Hierro Pinedo (Ortuella, Bizkaia)
- Jacinto Polo Ríos (Donostia, Gipuzkoa)
- Jesús Arratibel Ruiz de Alegría (Zalduondo, Araba)
- Manuel Hernáez Ruidíaz (Errioxako Matuten jaioa eta Bilboko bizilaguna)
- Cosme Ayala Yoldi (nafarra jaiotzez eta Barakaldoko bizilaguna)
