Zornotzako Udalak behin betiko onartu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO). Plangintza horretan, herriaren datozen hamarkadetako garapena zirriborratu dute. Hainbat zutabetan oinarritu dute plan berria. Batetik, etxebizitzak eraikitzea aurreikusi dute: 1.490 etxebizitza berri egingo dituzte datozen urteetan, eta horietatik 702 babestuak izango dira. Bestetik, industriarako lurzoru berriak definitu dituzte, baita lehen sektoreari begirakoak ere. Ingurumenaren arloan, natura-ondarea eta lurzoru urbanizaezina zehaztu dituzte, eta, aurreikuspenen arabera, ibai-pasealekuak eta parkeak handituko dituzte Astepetik Eubara.
Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu duenez, planak modu orekatuan zehaztuko du udalerriaren etorkizuna, "era iraunkorrean eta pertsonengan zentratuta hazten jarraitzea bermatzen" baitu. HAPOari eskerrak, Zornotza bizitzeko eta lan egiteko leku erakargarri gisa sendotuko dela gaineratu du. Herritarrek planaren xehetasun guztiak ezagutu ahalko dituzte ekainaren 17an, 18:30ean, Zelaieta Zentroan. Udal arduradunek azalpenak emango dituzte.