"Jendeak ez du sinesten Boroako auzotarrok igerileku bat dugula"

Ekaitz Herrera 2026ko ekainaren 3a

Jon Ander Gorospe, Boroako igerilekuaren aurrean.

Udako resort batean egotea legez, baina auzotik irten barik. Posible da halakorik egitea? Boroan (Zornotza), gutxienez, bai, auzotarrek igerileku propioa dute-eta plazan, elkartearen ondoan. Laster beteko dute urez, ekaineko azken asteetatik aurrera auzoan bertan freskatu ahal izateko. Egunotan, auzo elkarteko kideak instalazioa garbitzen eta margotzen dabiltza auzolanean. Jon Ander Gorospek erakutsi dizkigu ezohiko igerileku honen misterio guztiak.  

Eta hara non, igerileku komunitarioa duzue Boroan.
Halantxik da. Gaur egun etxe askotan ikusten dira igerilekuak, baina hemengo hau berezia da inondik ere. 50 urte baino gehiagoko historia dauka. Hemengo auzo elkartea sortu zutenek egin zuten, auzolanean, eta gaur egun ere martxan da, nahiz eta oraingoz hutsik egon. 

Momentu honetan hutsik dago?
Urtero husten dugu igerilekua, eta uda sasoia ailegatzean garbitu egiten dugu. Eta tokatzen bada, margotu ere egiten dugu; aurten, adibidez. Horretan ibiliko gara egunotan. Hortik aurrera, igerilekua urez betetzea baino ez zaigu faltako. Normalean, Boroako jaietarako (sanpedroak, ekainaren amaieran) izaten dugu martxan. Auzo elkarteko zuzendaritzak erabakitzen du igerilekua noiz bete eta denboraldia noiz hasi.

Zelan betetzen duzue urez?
Lehen, igerilekua egin zutenean, errekako ura ponpatzen zuten igerilekura. Traktore baten motorra erabilita, hodi bat konektatu eta ura ponpatzen zuten. Baina batzuetan airea sartzen zela, zeozer izorratzen zela, egundokoak egiten zituzten! Gaur egun, Zornotzako Udalak urez beteriko zisterna-kamioi bat ekartzen du, eta halantxik betetzen dugu igerilekua. 

Nork erabili dezake igerilekua?
Igerilekua auzo elkarteko bazkideen erabilerarako da. Bazkideek baino ezin dute erabili, eta, jakina, baita lagunduta datozen ezagun, lagun, familiako kide edo bisitariek ere, bazkide batek lagunduta badaude beti ere. Arduradunen batek egon behar du beti. Gaur egun, Boroako auzo elkarteak 82 bazkide ditu.  

Jende asko batzen da hemen?
Egun beroetan beterik egoten da gehienetan, mugimendu handia egoten da. Gainera, ingurunea paregabea da, eta igerilekuaz gozatu bitartean auzo elkarteko txokoan trago bat ere hartu dezakezu. 

Baten batek baino gehiagok pentsatuko du boroarrak zortekoak zaretela.
Jendeak askotan galdetzen digu: "Zer da hor dagoen hori?". Eta guk igerilekua dela esaten diegunean, zur eta lur geratzen dira. Gainera, nahiko dimentsio handiko ontzia da. Beraz, bai, modu batera edo bestera, zortekoak garela esan daiteke. Etxe inguruan horrelako zeozer izatea pagotxa da. 

Izango duzue anekdotaren bat.
2017an bazkide biri, Ibani eta Oliri, Ibizako ospakizunen antzeko jaia egitea bururatu zitzaien. Esan eta egin. Egundokoa izan zen. Boroako Ibiza Summer Jaia! Ibizako estetikagaz txukundu genuen dena, palmondo dekoratibo eta guzti. Auzotar guztiak batu ginen, ume-umeak zein adinekoak. Ospakizun handia izan zen, egun osokoa. 

Hara! 2017an egin zenuten hori, eta hamar urte beteko dira datorren urtean. Efemeride bat muntatzeko moduan zaudete!
Ideia hartuko dizut! Batek daki! Baliteke beste jai ibizar bat egitea!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!