Bariku honetan, Zornotzako kantuzalerik amorratuenak kalera irtengo dira abestera. Hitzordu berezia izango da inondik ere, batetik, Zornotzan Kantuz egitasmoaren bosgarren edizioa izango delako, eta, bestetik, efemeridea ospatzeko nobedadeak prestatu dituztelako. Izan ere, aurten lehenengoz, kantu-liburuak banatuko dituzte parte hartzaileen artean. 400 eskuliburu. Eta orain arte ez bezala, gitarra jotzaile bik (Saioak eta Aintzanek) kantuzaleak lagunduko dituzte ibilbidean. Errepertorioan, euskal kantutegiko abesti ezagunak izango dituzte zain, betikoak zein garaikideagoak. 20 abesti pasatxo. "Herriko abesbatza guztiak irtengo gara abestera, baita Otxotea ere", iragarri du Iñaki Gonzalez egitasmoaren bultzatzaileak. Zornoza, Abeskimu, Andra Mari ikastolako gurasoen abesbatza, Xuxurlariak, Nagusien Korala, Dizdira, Ederto txistulari taldea eta Otxotea. "Aipatzekoa da, hala ere, abesbatzak hor dauden arren, hau guztia norbanako bakoitzari esker egiten dela, norbere kantuzaletasunak egiten du-eta hau posible", gaineratu du Gonzalezek.
Hitzordua honako hau da: kantuzaleak Venecia tabernaren parean batuko dira 19:15ean. Hortik aurrera, eztarria berotu eta kantuan hasiko dira. Xiberu, Oasis eta El Cojo taberna pareetan egingo dituzte hurrengo geldialdiak. "El Cojo tabernaren amaitzea ez da kasualitatea, Gregorio Mendibil kaleko etxebizitza arte horrek egundoko erreberberazioa izaten du-eta. Ekitaldiari amaiera eder bat emateko modua izan daitekeela uste dugu", azaldu du Gonzalezek.
Ainhoa Salterain alkateak esan du Zornotzan Kantuz musikatik harago doala: "Kalean batzeko ekitaldia da, herritarrekin gozatzekoa, askotariko belaunaldiak batzekoa, alaia, giro berezia sortzen duena". Hori dela eta, alkateak herritar guztiak deitu ditu barikuko ekitaldian parte hartzera.