Zornoza elkarte artistiko eta kulturalak eta udalerriko eragileek In Memorian ekitaldia egin zuten atzo, tropa frankistek Amorebieta eta Etxano duela 89 hartu zituztela eta udalerriotan sarraskia eragin zutela gogoratzeko. Aurtengo ekitaldian, Leon Urtiaga Elizburu (fraide izenez, Roman Urtiaga) gogoratu dute. Larreako karmeldarrek egin zuten atzoko lore-eskaintza, hain zuzen ere, Urtiagaren ordena bereko kideek. Izan ere, fraide zornotzarra komentuko hormaren kontra fusilatu zuten erreketeek, 1937ko maiatzaren 19an, frankistek Amorebieta eta Etxano hartu eta biharamunean, askatasunarekiko eta euskal kulturarekiko konpromosioagatik.
Ekitaldian Gerediaga elkarteko kide Beñat Gaztelurrutiak parte hartu zuen: elkarte memorialistek azken urteotan egindako lana azpimarratu zuen, eta Intxorta 1937 eta Memory as Transgenerational Care taldeekin egiten dabiltzan lana nabarmendu. Izan ere, Gerediaga Durangaldeko gerrako umeei buruzko ikerketa egiten dabil, eta berebizikotzat jo du herritarren laguntza, gerratik ihesean, batez ere, Frantziara eta Ingalaterrara joan behar izan zutenei buruzko testigantzak eta dokumentazioa batzeko. Azterlanean, momentuz, eskualdeko 500 umeren baino gehiagoren datuak batu dituzte.
Oroimen ekitaldian, Ukrainako, Gazako eta Irango gerrak gogoratu zituzten, eta gaineratu munduan barrena "30 gatazka armatu baino gehiago daudela aktibo (horien artean, Sudan, Myanmar, Yemen, Saheleko eskualdea edo Kongo). Atzo herriko hainbat elkartek parte hartu zuten, tartean, herriko abesbatzek, dantzariek eta txistulariek.