Albo batera egin eta lekukoa beste bati emateko asmoa duzue. Zergaitik?
Uzteko momentua heldu dela uste dugulako. Askotan ez dakizu zehatz momentu hori zein den. Lehenengo legegintzaldia amaitu zenean ere pasatu zitzaigun burutik, baina pandemia eta beste gauza batzuk tarteko, ez genuen astirik izan gura genuen dena egiteko. Orduan, beste lau urtean jarraitzeko asmoa erakutsi genuen, eta bazkideen babesagaz aurrera jarraitu genuen. Baina zortzi urteren ondoren, uste dut badela ordua ideia berriekin eta ilusioz etorriko den jende berriari tokia egiteko, leihoak zabaldu eta aire berria sartzen uzteko. Momentu hau egokia da pauso hori emateko. Urte hauetan zuzendaritzakoek egindako lana eskertu gura nuke. Eurak barik ni ez nintzen hemen egongo.
Hauteskunde prozesua laster hasiko da. Badakizu zerrendarik aurkeztuko den?
Guri hautagaitza bat etorri zaigu, eta, beraz, bat behintzat badago. Ikusi egin beharko da gehiago aurkezten diren.
A zelako zortzi urte, Jon. Bigarren mailarako igoera bi, mendeurreneko ospakizuna, eta klubeko egoera ekonomikoa onbideratu beharra. Urteotan lortutakotik zerk sentiarazten zaitu harroen?
Zortzi urteren ondoren SD Amorebietak bizirik jarraitzen duela, horixe da harroen sentiarazten nauena. Esan duzun moduan, gu sartu ginenean egoera ekonomikoa ez zen batere ona, zoritxarrez. Klubak 500.000-600.000 euro inguruko zorra zuen. Hartzekodunen aurre-konkurtsoan sartu ginen. Kluba desagertzeko zorian zegoen.
Zelan bideratzen da horrelako egoera bat?
Jendearen fede onari eta eskuzabaltasunari eskerrak, besteak beste. Lehenengo-lehenengo, klubaren egoera publiko egin eta laguntza eskatu genuen. Jendeak ikusi zuen ez ginela gu errudunak, arazoa aurretik zetorrela, eta jende askok barkatu egin zuen bere zorra klubaren alde. Jende askok lagundu zigun eta eurei eskerrak atera genuen kluba aurrera.
Zein da hurrengo presidenteari eta zuzendaritzari uzten diozuen legatua?
Bizi-bizirik dagoen talde bat uzten dugu, herriko jendeagaz lotura estua duena eta harrobiari begira lan handia egiten duena. Harrobiari garrantzi handia eman diogu. Athletic kenduta, Bizkaian filiala mailarik gorenean dugun taldea gara. Gainera, gazteek liga irabazi dute. Metodologia bat, 'mentoring', prestatzaile fisikoak eta fisioterapeutak sartu ditugu Txolonan [harrobiko taldeak entrenatzen diren zelaia] eta esango nuke harrobiagaz lan sakona egin dugula.
2021ean SD Amorebieta Bigarren Mailara igo zen, bere historian lehenengoz. 20.000 biztanleko herria Bigarren Mailan, alajaina. Zelan gogoratzen duzu momentu hura?
Pandemiaren urtea izan zen, oso urte arraroa. Badajozera joan ginen igoera jokoan genuela, eta egia esango dizut: ni asteburua pasatzera joan nintzen. Emaztea eta seme txikia ere etorri ziren. Ez dut esango opor txiki batzuen moduan hartu nuenik, baina inongo presiorik barik joan ginen. Gogoan dut Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzaileak, Asier Goiriak, jokalariek… esaten zidatela: "Presi, irabazi egingo dugu, ez zalantza izpirik izan". Eta konturatu orduko epaileak partiduaren amaiera adierazi zuen eta… Aiba, Bigarren Mailan geunden!
Zale eta jokalarientzat ospatzeko garaia, eta zuzendaritzarentzat erronka erraldoia! Zelan bizi izan zenuen kontraste hori?
Erronka handia zen, bai. Gogoan dut autobusean bueltan gentozen unea: jokalariak dantzan, eta autobusean gora eta behera zebiltzala, ni txoferraren atzeko eserlekuan nindoan, burua aurreko barran ipinita. "Ez zaude pozik, ala?" galdetu zidan emazteak. "Badakizu zer datorren orain? Badakizu zelako erronka den?", erantzun nion. Pozik nengoen, jakina, baina ez neukan ospatzeko astirik ere. Buruari bueltak ematen nenbilen erronka zelan bideratu pentsatzen. Gogoan dut hilabete geneukala La Ligan sartzeko eta eskakizunak betetzeko. Sinestezina dirudi, baina azkenean lortu genuen.
Amorebieta Lehen RFEF Mailan eta Bigarren Mailan egon da, eta gaur egun Bigarren RFEF Mailan dabil. Bizitakoak bizita, zure ustez zein da klub honen errealitateari ondoen egokitzen zaion maila?
Nire ustez, eta harrotasun handiz diot, Bigarren RFEF maila da ondoen egokitzen zaiona, bazkideen kopuruagaitik, instalazioen baldintzengaitik, aurrekontuagaitik... argi dago amets bat bizi izan dugula, baina gure errealitatea Bigarren RFEF batean egotea da. Gainera, maila honetan, herriko jokalarien aldeko apustua egitea errazagoa dela uste dut. Honek ez du esan gura anbiziotsuak izan behar ez dugunik, baina beti ere oinak lurrean izanda.
Urte hauetako esperientziak zer irakatsi dizu arlo pertsonalean?
Ba, ez dakit hausnarketa hori modu sakonean egin dudan; kontzientzia lasai izaten ahalegindu behar duzula. Hartutako erabakiak onenak direla uste arren, igual beste batzuek ez dituzte ulertzen edo pentsatzen dute haientzat kaltegarriak direla. Orduan, ba horregaz bizi izatea askotan gogorra egiten da. Sarritan hartu-eman pertsonalak egiten dituzu eta testuinguru horretan ez da erraza erabaki batzuk hartzea. Inoiz esan diot entrenatzaile edo langileren bati ez zuela taldean jarraituko, nahiz eta beharbada nire erabakia izan ez. Une gogor horiek eramaten ikasi behar duzu.
Zelan joan ziren mendeurreneko ospakizunak?
Oso pozik gaude ekimenek izan zuten harreragaz. Erakusketa, dokumentala, lehiaketak… eta gehiago izan genituen. Unai Larrea anaiari eta Ana Guzman emazteari antolaketan egindako lana eskertu gura nieke. Lan itzela egin zuten.