"Txori baten berotasuna eta arintasuna dituen pieza sortu gura izan dut"

Aitziber Basauri 2026ko maiatzaren 16a

Jon Mikel Euba, berak sorturiko 'Zornotxori' pieza eskuetan.

Zornotzako Udalak Zornotxori oroigarri instituzionala sortu du, ekitaldi eta aintzatespenetan ikur legez emateko. Jon Mikel Eubak (Zornotza, 1967) sortu du pieza. Hain zuzen ere, Euba bera izan da lehenengoa aitortza hartzen; "ilusio handiz", esan duenez.

Zelan hartu zenuen Zornotzako Udalak egindako enkargua?
Ilusio handiagaz. Urte asko dira Zornotzan bizi ez naizela, baina beti hartu dut neure burua zornotzartzat. Gainera, oso gertuko pertsonak ditut bertan. Norbere herrian profeta izatearen modukoa da, eta ez da askotan gertatzen. Lana dela eta, leku askotan bizi izan naiz. Istanbulen, Alemanian, Mexikon... Azken lau urte hauetan, Holandan. Artista legez hazten joan naiz eta asko ikasi dut. Ez da berdina ezagutzen zaituzten testuinguru batean aritzea edo Koreara lan bat egitera gonbidatua izatea, hango kultura guztiz desberdina da eta. Horrek asko aberasten du bakoitzaren lana. Dena dela, 2000. urtean estudioa zabaldu nuen Bilbon. Hori izan dut beti egoitza.

Zer izan duzu kontuan 'Zornotxori' sortzerakoan?
Txikitan oso gustuko nituen biologoen landa-koadernoak (hegaztien morfologia, portaera... aztertzeko erabiltzen ziren). Naturalista izateko interesa izan dut beti, eta umetan aitagaz Belatxikietara joaten nintzenean liluratuta ikusten nituen buztangorriak. Gaur egun, Zornotzako edozein tokitan dabiltza. Oso zuhurrak direnez, ez ditugu askotan ikusten eta nik azaleratu egin nahi nituen. Ideia horretatik abiatu eta zuhaitz hostoak baliatuta, txori baten silueta sortu nuen. Lehenengo begiratuan txori bat ikusten da, eta segituan hosto bi. Azken batean, txori bat irudikatzen duten hosto fotografiko bik osatzen dute lana. Jendearen iruditeriara jotzea gustatzen zait, eta mundu guztiak aldi berean gauza bi ikusteko aukera izatea gura nuen. Txori baten berotasuna eta arintasuna dituen pieza bizi bat sortu gura izan dut, enigmatikoa eta positiboa. 'Zornotxori' neologismo aproposa iruditu zait, Zornotza eta txori berbak elkartuta.

Zure obra diziplina anitzekoa da (bideogintza, argazkilaritza, performance-a, eskultura....) Zelan uztartzen dituzu?
Arte Ederrak ikasterakoan, artearen historiak erakarri ninduen gehien. Orduan, identitate sozial bat zegoela ikusi nuen: artista. Zelanbait esanda, artista izanda aukera eremu izugarria zabaltzen zela adierazi gura dena adierazteko. Artistaren figura hori interesatzen zait: edozein bitartekogaz espresioa hedatzeko edo transmititzeko gaitasuna. Pintura, muralgintza, argazkigintza, bideogintza, performance-ak, idazketa... diziplina batek bestera eraman nau, eta bakoitzean egokitzen joan naiz, naturaltasunez. 

Transmisioak eta pedagogiak pisu handia dute zure ibilbidean. Zer transmititu gura diezu artista belaunaldi berriei?
Koadro bat pintatzen ikastea baino inportanteagoa da inork deitzen ez dizunean ere margotzen jarraitzea. Artista izateak zer esan gura duen jakin behar da, eta oinarriak sendotzea ezinbestekoa da horretarako: jakitea zerk eraman zaituen artista izatera, zergaitik jarraitu gura duzun. Gaztetan gatx da, jakina. Baina batzuetan gertatzen da norbaitek zuk zeuk ikusi ez duzun zerbait ikusten duela zugan, eta bidea egiten laguntzen dizu. Zornotzan, gauzak erraztu dizkidaten pertsonak ezagutu nituen; tartean, Iturrioz familia. 

Zein proiektu duzu orain esku artean?
30 urtean ikasitakoa liburu batean argitaratuko dut laster. Eta uztailean Buenos Airesera (Argentina) joango naiz. Ibarrangeluan erakusketa bat dut urte amaieran. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!