Elikadura tailerrak eta martxa nordikoak Zornotzan, emakumeen osasuna sustatzea helburu

E.H. 2026ko maiatzaren 18a

Emakume batzuk martxa nordikoa egiten. MARIO OHIBSKY

Maiatzaren 28a Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Zornotzako Udalak hainbat ekintza antolatu du hilaren 19tik ekainaren 2ra arte. 

Jana Ampurua nutrizionistak produktuen etiketak irakurtzeko tailer praktikoa eskainiko du Zelaietako kontzertu gelan. Maiatzaren 19an izango da, 18:30ean. Hilaren 26an, aditu berak Salud, nutrición y mujer berbaldia eskainiko du Zelaietako Auditoriumean (18:30), eta biharamunean, maiatzaren 27an, Mujer, salud y deporte mahaingurua egingo da (18:30). Hainbat emakume kirolari eta adituren parte-hartzea izango du azken horrek. 

Bestalde, maiatzaren 25etik 29ra bitartean, martxa nordikoko tailerrak egingo dira Zubiondo parkean, Euskaditrek kooperatibaren eskutik. Euria eginez gero, tailerrok Gure Kirolak frontoian egingo dira. Martxa nordikoko txanda bakoitzean gehienez 25 emakumek parte hartu ahal izango dute, eta lekurik barik geratzen direnek hurrengo txandara itxaron beharko dute. 

Egitarauak menopausiaren inguruko tailer bi ere jasotzen ditu: maiatzaren 28an, Amalia Holguínek Elikadura trantsizio hormonalean: ongizaterako elikatzea menopausian saioa eskainiko du, eta ekainaren 2an, Eliezer Ruizek Bizitzako gorputza: osasun integralaren subiranotasuna menopausia ondoren tailerra dinamizatuko du. Bi ekintza horiek musika eskola zaharrean egingo dira. Halaber, maiatzean zehar, Berbalapiko ekimenaren bidez emakumeen osasunari buruzko liburuak izango dira ikusgai.

Izen emateak:

Jarduerak doakoak dira, eta maiatzaren 28ko eta ekainaren 2ko tailerretan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko da Zornotzako Udalaren web atarian edo HAZ zerbitzuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!