Nazioartean oihartzun handia duen Jon Mikel Euba artista zornotzarrak sortutako opari instituzionala aurkeztu dute, gaur, Zornotzan. Udalerriaren irudia ordezkatzeko asmoz sortu da pieza Eubak udalaren enkarguz, eta aurrerantzean ekitaldi eta aintzatespenetan emango den opari instituzionala izango da. Sortzaile zornotzarra izan da lehenengoa aitortza hartzen, Ainhoa Salterain alkatearen eskutik. Modu horretan, sortzailearei egindako ibilbidea aitortu gura izan dio udalak. Ilusio handiz hartu du aitortza Eubak.
Udalak ordezkaritza instituzionalean arte garaikideari lekua emateko konpromisoa indartu du gura du ekimen honen bitartez. Zornotzari "berezko nortasuna eta identitate propioa emango dion ikurra" emanez, azaldu dutenez. Zornotzako alkateak nabarmendu duenez, “'Zornotxori'-k oso modu berezian jasotzen du herri gisa garen hori, ingurunearekiko eta egunerokoarekin dugun harremana”. Gaineratu duenez, "opari instituzional honek ez du irudi bat bakarrik balioan jartzen, baizik eta tokiko talentua eta Jon Mikel Euba bezalako artista baten ibilbidea ere bai, gure udalerrian eta hemendik kanpo erreferente dena".
Bi arbola-hostorekin egindako txori baten silueta da 'Zornotxori', "itxuraz sinplea izan arren karga sinboliko handia duen irudia sortuz", aurkezpenean azaldu dutenez. Izenak ere herriaren nortasunagaz lotura estua adierazten du, Zornotza izena eta “txori”
berba uztartuz. Artistak azaldu duenez, "naturalista izateko interesa izan dut beti, eta umetan aitagaz Belatxiketara joaten nintzenean liluratuta ikusten nituen Buztangorriak. Gaur egun, Zornotzako edozein tokitan dabiltza. Oso zuhurrak direnez ez dugu asko ikusten, bada agerira atera gura nuen. Idea horretatik abiatuta zuhaitzen arbolekin egindako txori baten silueta sortu nuen".
Eubak bere ibilbide artistikoaren hastapenetan bidelagun izan zituen hainbat lagun eta eragile aipatu izan ditu. Luis Javier Ugarte, kultura arduraduna izan zena urte askotan udalean, eta Nafarroa Zentroaren kokagunean, bere lehenengo lanak uzteko espazioa utzi ziona. Nicasio Carrillo ileapaintzailea eta Uranga tabernako familia ere hartu ditu gogoan, bere sormena garatzeko eskainitako laguntzagatik.