Mugikortasun aurreratuko barrutia sortuko dute Boroan, AIC zentroan

E.H. 2026ko maiatzaren 12a

Eremu berriak ibilgailu astun elektrikoak, karga-azpiegiturak, helikoptero elektrikoak, Adimen Artifiziala, 6G teknologia eta teknologia kuantikoak izango ditu lan eremu. Bizkaiko Foru Aldundiak 37 milioi euroko inbertsioa egingo du. 

Bizkaiko Foru Aldundiak 37 milioi euro inbertituko ditu AICren fase berrian, bertan mugikortasun aurreratuko barruti bat sortzeko. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak barikuan aurkeztu zuen proiektu berria, Boroan. AIC 21.900 metro koadroan handituko dute 37 milioi euroko inbertsioaeginda. Espazio berri honetan, enpresen berrikuntza-unitateak, esperimentazio-zentroak eta lankidetza-eremuak egongo dira. Ahaldun Nagusiaren berbetan, "Europako automobilgintza une zailak bizitzen" dabilela eta, Bizkaiaren erantzuna "lehiakorragoak eta berritzaileagoak izatea" da, etorkizuneko industriaren eta lanpostuen alde egiteko.

Planta berrian sei lan-eremu landuko dituzte: ibilgailu astun elektrikoak, karga-azpiegiturak, datu-espazioak, software bidezko ibilgailuak (SDV), mugikortasuna zerbitzu gisa eta ekonomia zirkularra. Gainera, puntako teknologiak landuko dituzte, hala nola eVTOL deritzona, aireratze eta lurreratze bertikaleko aireontzi elektrikoei loturikoa (helikoptero elektrikoak), baita Adimen Artifiziala, 6G teknologia eta teknologia kuantikoak ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!