Errege Koparako sailkapenak aho zapore gozoa utzi die zaleei, azken uneko lorpena izan delako. Amorebietak etxeko lanak egin zituen Nafarroan, Multiveraren aurka, baina hori ez zen nahikoa. Ebrok bere neurketa galtzea behar zuen eta, urdinentzat zorionez, UD Logroñes 0-3 nagusitu zen Aragoiko taldearen zelaian. Partiduaren amaiera berezia izan zen beste arrazoi batengatik ere: Mikel Arzallusen eta Odei Onaindiaren agurra. Biek futbola uzteko asmoa dute eta manteoa egin zieten zelaian. Ospakizunak aurrera jarraitu zuen aldageletan. "Aurten biak entrenatu ahal izatea ohorea izan da niretzat", adierazi du Zulaikak. Futbolari biek urtebete eman dute Zornotzan. Bai Arzallus azkoitiarrak eta bai Onaindia lekeitiarrak urtebete eman dute Zornotzan. Onaindiaren kasuan bere bigarren etapa izan da, 2010etik 13ra ere kamiseta urdina jantzi zuelako.
Hauteskundeak
Denboraldia amaituta aurrera begiratzeko unea da. Lehenengo lana klubeko gidari berriak aukeratzea da. Izan ere, maiatzaren 19ko batzar orokorra hausteskunde prozesua abiatzeko baliatuko dute. Prozesu horretan ez du parte hartuko zortzi urtez Amorebietako presidente izan den Jon Larreak.
Dena epeen barruan badoa ekainaren 8an jakingo dira behin betiko hautagaiak. Zerrenda bakarra egonez gero, hauteskunde batzordeak hurrengo egunean izendatuko du Zuzendaritza Batzordea berria. Hautagai zerrenda bat baino gehiago badago hauteskundeak egingo dira ekainaren 28an eta presidente eta zuzendaritza berriak uztailaren 3an hartuko dute kargua.