Maiatzaren 17an 89 urte beteko dira frankistek Amorebieta eta Etxano hartu zituztenetik. Hori dela eta, datorren domekan, hilaren 17an, hain zuzen ere, omenaldi ekitaldia egingo dute gerraren eragina eta mina jasan zuten zornotzarrak oroitzeko. Aurten, Ramon Urtiaga abadea gogoratuko dute.
Zornoza elkarte kultural eta artistikoak gogoratu duenez, Urtiaga 1937ko maiatzaren 18an fusilatu zuten Oriamendi Tertzioko hirugarren konpainiako erreketeek. Eguerdian fusilatu zuten, komentuko hormaren kontra, eta horren arrazoiak Urtiagaren askatasunarekiko eta euskal kulturarekiko konpromosioa izan zirela adierazi du elkarteak. Halaber, Frantziako Alderdi Komunistaren Regards aldizkariak Urtiaga mundu osoan ezagun egin zuela esan dute elkarteko kideek. Izan ere, 1937ko otsaileko zenkian, Urtiaga fusilatu baino hiru hilabete lehenago, aldizkariak erreportaje bat kaleratu zituen Zornotzako karmeldarrak eta ezkerreko gudari eta milizianoak ardatz. Bertan ageri da, hain zuzen ere, Roman Urtiaga zena. Zornoza elkarteak gaineratu duenez, zornotzarra gerran hildako azken euskal erlijiosoa da.
Maiatzaren 18ko oroimen ekitaldia 12:00etan hasiko da. Sirena hotsak, Zornoza abesbatzaren emanaldia eta lore eskaintza egingo dituzte. Azken hori Larreako karmeldarrek egingo dute, Roman Urtiagaren kongregazioko kideek. Halaber, Udabarri dantza taldeko eta Udazken txistulari taldeko kideak ere ekitaldian izango dira, baita Abes-kimu abesbatza, Xuxurlariak, Andra Mari ikastolako gurasoen abesbatza eta Zornotzako Otxotea. Era berean, Gerediaga elkarteko kideak ere ekitaldian izango dira.