Euskadiko Selekzioa Mallorkan lehiatu den haur-kategoriako Espainiako waterpolo txapelketan aritu da oraintsu. Selekzioarekin aritu dira Amorebieta-Etxano Waterpolo Taldeko hainbat gazte eta emaitza bikainak lortu dituzte.
Nesketan zilarrezko domina jantzi dute Libe Zarazuak eta Malen de Castrok. Euskadiko Selekzioak nesketan lortu duen inoizko emaitzarik onena da. Mutiletan brontzezko domina irabazi dute Markel Larruzeak eta Ager Santamariak. Hirugarren eta laugarren posturako partidua Andaluziaren kontra irabazi zuten. Lau gazteei Amorebieta-Etxano Waterpolo Taldeko beste izen bat ere gehitu behar zaie: Euskadiko Selekzioagaz aritu den Unai Casas entrenatzailea.
Taldera batzeko deia
Amorebieta-Etxano Waterpolo Taldeak jokalari berriak batzeko kaptazio kanpaina abiatu du. 8 urtetik gorako gazteentzako atea zabalik dutela adierazi dute. "Kirolik konpletoenetakoa da, gorputza eta adimena lantzen dituena", diote. Interesatuek 658 742 858 telefonora deitu dezakete.

