Zornotzako artisten lanak balkoietan zintzilikatzeko ordua

E.H. 2026ko apirilaren 28a

Enrike Renteria pintura lehiaketaren edizio berria maiatzaren 4an hasiko da. Aurten, antolatzaileek 'Zintzilik' modalitatea hauspotu gura dute, eta herriko artistak deitu dituzte lanak herriko balkoietan eskegitzera. Gaia Zornotzako txokoak izango dira. 

Zornoza elkarte artistiko eta kulturalak Zintzilik lehiaketaren edizio berria ipini du martxan. Elkarteak herriko artistak eta margolariak deitu ditu oihaletan margolanak egitera eta horiek etxebizitzetako balkoietan eskegitzera. Aurtengo gaia Zornotzako txokoak izango da, eta, horrenbestez, artistek herriko kaleak, zubiak, kale-argiak, iturriak edo dena delakoak izan beharko dituzte inspirazio iturri. 

Egitasmoan parte hartu gura dutenek Zelaieta zentroko harreran edo 946300650 telefonoan eman beharko dute izena maiatzaren 4tik aurrera. Modu horretan eskuratu ahalko dituzte oihalak. Bestela, olana bere kabuz lortu gura duenak, honako datu hau eduki beharko du kontuan: 1,3 x 1,5 metro zabal izan beharko da eta 4 milimetroko botoi zulodunak izan beharko ditu ertzetan. Lanak entregatzeko epea ekainaren 19ra arte egongo da zabalik. 

Lehiaketan lau sari banatuko dituzte. 500 eurokoa, 300ekoa, 150ekoa eta publikoaren saria. Jasotako artelanak herriko plazan jarriko dituzte ikusgai uztail osoan zehar.

Bestalde, Zornoza elkarteko kideek esan dute ahalegin berezia egingo dutela umeengana ailegatzeko. 12 urtetik beherakoek  Non ete dago Zintzilik? jokoagaz lehiatu ahal izango dute uztailaren 6tik 17ra. Antolatzaileek markatutako hiru lan zehatz topatu beharko dituzte, eta horrela, lau lagunentzako bi askariren zozketan parte hartuko dute.

Zornoza elkarteak uztailaren 5ean zarratuko du aurtengo Zintziliken edizioa, aire zabaleko pintura lehiaketagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!