Boroako III. Abelburu eta Nekazaritza Azoka egingo dute domekan

Anboto 2026ko apirilaren 23a

Abelburu eta nekazaritza produktuen azoka antolatu dute Zornotzako Boroa auzoan. Ardi mozte erakustaldia eta herri kirolen saioa ere egongo dira.

Zornotzako Boroa auzoan jai giroa zabalduko da, domekan. Izan ere, abelburu eta nekazal produktuen azoka ospatuko dute, aurten hirugarrenez. Trikitilariek girotuko dute goiza, eta Euskal Labeldun produktuk dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. 

Egitaraua osatuz, Mikel Etxebarria ardi moztaileak erakustaldia eskainiko du, 12:00etan. Gainera, herri kirolen saioa hasiko da 13:00ean. Jon Gisasola, eta, Aritz eta Izei Abendibar harrijasotzaileak arituko dira, batetik. Bestetik, Irati Astondo aizkolariaren lana ikusteko aukera ere egongo da.

Trafiko neurriak

Azoka dela eta, trafiko-neurri bereziak ezarriko dira, udal arduradunek jakitera eman dutenez. Boroara sartzeko errepidea noranzko bakarrekoa izango da 10:00etatik 14:30era, eta irteera Urgoiti auzotik egin beharko da, zehaztu dutenez. Garaitondotik, ordea, sarrera eta irteera bi noranzkoetan mantenduko dira.

Era berean, seinaleak eta konoak jarriko dira baserrietarako sarbideetan, baimendu gabeko lekuetan aparkatzea saihesteko. Udal arduradunek gogoratu dute, Urgoiti eta Marabi auzoetara sarrera bizilagunentzat soilik izango direla.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!