[ARGAZKI GALERIA]: Andoni Ibarra zornotzarrak brontzezko domina lortu du Argentinan, patinaje artistikoan

J.D. 2026ko apirilaren 23a

Buenos Airesen lehiatu da patinaje artistikoko Munduko Kopa.

Bilboko Irrisbizi klubean dabilen Andoni Ibarra Muñoz zornotzarrak brontzezko domina jantzi du Buenos Airesen (Argentina) lehiatu den Munduko kopako txapelketa batean. 

Patinaje artistikoko txapelketa bi zatitan banatu zen: disko laburra eta disko luzea. Lehenengoan patinatzaile guztiek parte hartu zuten, baina puntuazio onenak lortzen zituztenek bakarrik egin dute disko luzea. Bi saioen baturak erabaki zuen azken sailkapena. Disko laburrean 7. postuan kokatu zen Ibarra, hirugarren sailkatuarengandik 11 puntura. Disko luzean goi mailan aritu zen eta hirugarren postura igotzeko adina puntu batu zituen. Gainera, disko luzean hain ondo aritu zen, denbora batean lehenengo sailkatuta egon zela, harik eta aurkari bik gainditu zuten arte.

Arrakastaz betetako ibilbidea
Andoni 7 urterekin hasi zen patinaje artistikoan, eta ordutik etengabeko garapena izan du. Dagoeneko 6 aldiz Euskadiko txapelduna izan da, eta nazioartean ere emaitza aipagarriak pilatzen ari da: 2024an brontzea Europako Kopan (Zürichen), 2025ean 6. postua Munduko Kopan (Trieten) eta urte berean urrea Europako Kopan (Matosinhosen). Gaur egun, Espainiako Federazioan bi urtez federatuta darama, eta maila gorenean lehiatzen ari da.

"Andoniren azken lorpenak argi uzten du lana, konpromisoa eta determinazioa uztartzen direnean helburu handiak lortzea posible dela. Zornotzarrak etorkizun oparoa du aurretik, eta dagoeneko nazioarteko patinajean bere tokia sendotzen ari da", adierazi du Zornotzako Udalak ohar batean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!