Toti Martinez de Lezearen berbaldia Zornotzan, Liburuaren Nazioarteko Eguneko jardunaldiak zarratzeko

E.H. 2026ko apirilaren 22a

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Zornotzako Udalak efemerideagaz bat egingo du literatura sustatzeko hainbat ekintza antolatuta. Idazle larrabetzuarraren berbaldia apirilaren 29an izango da, 18:30ean. 

Eguenean, apirilak 23, hainbat liburu oparituko dizkiete Zelaietako liburutegira hurreratzen direnei: Bernardo Atxagaren Sara izeneko gizona helduei, Miren Agur Meaberen Katta 0-6 urteko umeei, Zipotz komikia 6-12 urtekoei eta euskarazko manga komikia 12-18 urteko gazteei. Halaber, gaztelaniazko liburu bat ere banatuko dute helduen artean: Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad

Era berean, Zornotzako ikasleek Leiduzu egitasmoaren finala jokatuko dute. 50 ikaslek parte hartuko dute azken txanpan, Janire Atxurra eduki sortzailearen esanetara. Lehiaketan, ikasleek euskaraz irakurritako liburu baten iruzkina egin beharko dute, eurek aukeratutako formatuan. Parte hartzaileak LH5, LH6, DBH1 eta DBH2 mailetako ikasleak izango dira. 

Nafarroa Zentroan ere, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Goizeko 11:15ean, Ana Rosa Barrios ipuin kontalaria egongo da. Ondoren, Rosalinda Incardonak liburu ilustratzaile modura izandako esperientziak partekatuko ditu.

Apirilaren 24an, 6-9 urte bitarteko umeentzako sormen tailerra egingo dute haur liburutegian. Tailerra 17:30ean hasiko da.

Liburuaren Nazioarteko Eguneko jardunaldiak Toti Martinez de Lezearen berbaldiagaz amaituko dituzte. Idazle larrabetzuarrak apirilaren 29an eskainiko du berbaldia, Zelaietako liburutegian, Skolastikako Josune Muñozen laguntzagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!