Zornotzako kaleak txilin eta txistu hotsez beteko dira zapatuan, Durangaldeko Ezpatadantzari Egunagaz. Goiz honetan, ospakizunaren ezaugarriak jakinarazi dituzte Gerediagako, Zornotzako Udaleko eta eskualdeko dantza taldeetako kideek. Goiatz Pelaez Gerediagako kideak azaldu duenez, dantzariek eta txistulariek 17:30ean irtengo dute kalejiran, Zelaietako parketik. Handik Zezilia Gallartzagoitia kalera egingo dute, herriguneko kaleak zeharkatuta, udaletxeko plazara ailegatzeko. Behin han lekua hartuta, 18:00etan, dantzariek Dantzari Dantza osoa eskainiko dute, hasi Agintarienetik eta Txotxongilora arte. Ondoren, erregelak eskainiko dituzte. Eta jaiari behar bezalako amaiera emateko, 20:30etik aurrera, Kittu taldeak kalejiran girotuko ditu herriguneko inguruak, dantza-poteoan.
Ainhoa Salterain Zornotzako alkatearen berbetan, "hunkigarria eta berezia" izango da zapatukoa, eskualdeko dantzari eguna lehenengoz ailegatuko da-eta Zornotzara. Gainera, ospakizuna oraindino eta bereziagoa izango da, hain zuzen ere, bertako Udabarri dantza taldeak 60. urteurrena betetzen duelako aurten: "Dantzak erakusten ditugu, baina gure zeregina ere bada herriak emandako herriari bueltatzea. Alde horretatik, zapatukoa hitzordu berezia izango da, eskualdeko dantzari eguna lehenengoz hartzeaz gainera, gure taldearen 60. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat gehiago delako", esan du Igone Idigoras Udabarriko kideak. Goiatz Pelaez Gerediagako kideak eskualde osoko dantzazaleak gonbidatu ditu zapatuan Zornotzan parte hartzera.
Honako dantza talde hauek parte hartuko dute: Zornotzako Udabarri, Berrizko San Lorentzo eta Iremiñe, Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai, Garaiko dantza taldea, Iurretako dantzariak, Mallabiko Gazte Alai, Mañariko Andra Mari eta Otxandioko Urduri. Era berean, txistularien artean, Zornotzako Udazken, Durangaldeko Jaizale eta Otxandioko Kalerik Kale egongo dira.
1967tik honako hitzordua
Unai Esturo dantzari iurretarrak ospakizunaren historia errepasatu du. Gogoratu duenez, eskualdeko dantzariak Merinaldeko Dantzari Egunaren bueltan hasi ziren batzen, 1967an. Iurretan egin zuten lehenengo plaza, eta eskualdeko herriak tartekatzen joan ziren edizioz edizio. "2000. urtetik izurrira arteko urteetan, dantzariok izan ginen jaiaren koordinatzaileak, baina 2023an, Gerediagari laguntza profesionala eskatu genion, jaiari bultzada berri bat emateko", azaldu du Esturok. Zornotzako dantzariak orduantxe batu ziren egitasmora. Goiatz Pelaezek azpimarratu duenez, zapatukoak eskualdeko tradiziozko dantza erakusteko eta sustatzeko balioko du: "Globaltasuna espazioa irabazten ari den gizarte honetan, jarrai dezagun elkarren eskutik lanean, tokiko kultura eta nortasuna plazaren erdira ekartzeko", esan du Pelaezek.