Bizkaiko Guardia Zibilak prentsa oharrean azaldu duenez, gazte bat ikertu dute sexu eraso bi egotzita, 2025eko urrian Zornotzan egindako ekitaldi batean gertatuak.
Polizia jarduera Burgosko Medina de Pomarreko Guardia Zibilaren Postuan aurkeztutako salaketaren ondorioz hasi zela argitu dute. Guardia Zibilaren esanetan, bertan bizi zen emakume batek adierazi zuen sexu eraso baten biktima izan zela Zornotzako ekitaldian.
Une horretatik aurrera, ikerketa Bizkaiko Guardia Zibilak hartu zuen bere gain. Ikerketa horretan antzeko ezaugarriko gertakariengatik bigarren biktima bat identifikatu zuten eta pertsona honek ere dagokion salaketa formalizatu zuen. Bigarren biktima Iruñean bizi zen.
Guardia Zibilak oharrean azaldu duenez, "biktimen adierazpenen arabera, gertakariak baimenik gabeko musu bat izan ziren, eta beste eraso saiakera batean, ikertuak indarra erabili omen zuen biktima atxikitzeko". Egindako ikerketek ustezko egilearen identifikazioa ahalbidetu zuten, salatzaileek emandako deskribapenarekin bat zetorrena.
Aurtengo otsailaren erdialdean, gertakarien ustezko egilea ikertu zuten, eta egindako diligentzietako agiriak Durangoko Guardiako Epaitegira bidali zituzten.
Zornotzako Udalaren gaitzespena
Zornotzako Udalak ohar bidez "erabateko arbuioa" adierazi du bi emakumeren aurkako sexu erasoaren kasuaren inguruan, urrian ospatutako Mangamore ekimenaren baitan gertatutakoaren harira. "Horrenbestez, gertakariaren larritasuna adierazi du, ikerketa oraindik martxan dagoela kontuan hartuta", azaldu dute oharrean. Era berean, elkarte feministek deitutako elkarretaratzea babesten duela gaineratu du, eta dei egin die zornotzar guztiei horietan parte har dezaten, "emakume guztien aurkako erasoak arbuiatzeko".