Roxana Tronceak Euskadiko ONCEren 2025eko saltzailerik onenaren saria irabazi du. Sei finalisten artean, bera aukeratu dute ONCEren Bilboko Ordezkaritzan egindako galan.
Troncea ONCEk Zornotzan dituen bost saltzaileetako bat da. Asteburuetan Sabino Arana eta San Migel kaleetako kioskoetan saltzen du, eta astelehen, eguazten eta barikuetan udalerriko hainbat tokitan. Gainera, iazko urtarrilean, Amorebieta Kirol Elkartearen mendeurrenari eskainitako kupoiaren aurkezpenean parte hartu zuen.
Irabazitako sariari dagokionez "emozio handia" sentitu zuela adierazi du ONCEren ohar batean. "Amets bat bezalakoa izan zen, zerbait arraroa sentitu nuen, nola nik, eta ez beste saltzaile batek?", gehitu du.
Roxana Troncea jatorriz Bukarestekoa da, Errumaniako hiriburukoa. 19 urte daramatza hemen bizitzen eta ONCEn lan egin aurretik sukaldaritzan, garbiketan eta adinekoen egoitzetan aritu da. Inserta Empleo enpresaren bidez makineria maneiatzeko ikastaro bat egin zuenean proposatu zioten salmentara pasatzea.
Tronceak eta autonomia erkidego guztietako irabazleek, ekainean Madrilen egingo den gala orokorrean parte hartuko dute, ONCE Gizarte Taldeko arduradun gorenekin batera.