Zornotzako Udalak 'Ibiliaz Ezagutu' ekimena abiatu du. Oraingoan, Bizkaiko zenbait baseliza ezagutzeko lau ibilaldi antolatu ditu maiatzean. Irteerak zapatuetan egingo dira, hilaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, hurrenez-hurren.
Ibilaldien xehetasunak
Lehen ibilaldia, San Pedro Atxarrera egingo da: 12,4 kilometroko txangoa. "Bizkaiko kostaldean ditugun inguru aipagarrienetako bat da Atxarreko San Pedro", adierazi du udalak ohar batean. Lagako hondartzatik abiatuta joan dira bertara, Ogoño haitzak eta Akorda auzoak eskaintzen dituzten parajeekin gozatuz.
Maiatzaren 16an, Urdaibain jarraituko dute, inguru horretan oso preziatua den beste tontor bat zapaltzeko: Ereñoko San Migel baseliza. Ibilaldi honek 9km izango ditu.
Hilaren 23ko irteera, Bizkaiko ekialdera zuzenduko dira, Sante Eufemiara hain zuzen ere. Markinatik abiatu eta Urregaraira igoko dira, Aulestian amaitzeko. Ibilaldi honek 13,7 kilometroko ibilbidea du, zailtasun ertainekoa.
Azkenik, maiatzaren 30ean, Santa Kutzerako txangoagaz amaituko da aurtengo ekimena. Dorletako santutegitik irten eta Aitzorrotz gailurretik igaroko dira. Erdi Aroko gaztelu baten eta erromatarren presentziaren aztarnak biltzen dituzten inguruak bisitatuko dituzte, 11,7 kilometroko ibilbidean.
Irteera guztiak goizeko 08:00etan abiatuko dira Nafarroa parkinetik. Oharrean zehaztu dutenez, ibilbideak azken unean moldatu daitezke, "hauek egokiagoak edo ederragoak izate aldera".
Izen-ematea
Irteera hauetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, Zelaieta Zentroan, horretarako azken eguna irteera bakoitzaren aurreko eguena izanik. Prezioa 8,75 euroko da irteera bakoitzeko eta beharrezkoa da Hiritarren txartela (lehengo Ametx Txartela) izatea.