Zornotzak 400 ikasle bilduko ditu eguenean Gazteen Prestakuntza eta Enpleguaren I. Azokan

Anboto 2026ko apirilaren 13a

Ekimen honen helburua Zornotzako gazteei etorkizun akademiko eta profesionala erabakitzen laguntzeko baliabideak, orientazioa eta harreman zuzena eskaintzea da.

Zornotzako Udalak Gazteen Prestakuntza eta Enpleguaren I. Azoka aurkeztu du gaur goizean, udalerrian abiatuko den ekimen berria. Hitzordua  eguenean (apirilak 16) izango da Zelaieta Zentroan. Ekimenaren helburua da "gazte zornotzarrei erreferentziazko gune bat eskaintzea, euren aukera akademiko eta profesionalak zuzenean ezagutzeko", udalak ohar batean zehaztu duenez.

Aurkezpenean Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu duenez, “gazteen Prestakuntza eta Enplegu Azoka hau urrats garrantzitsua da Zornotzarentzat, gure gazteei erreferentziazko gune bat eskaintzeko aukera ematen baitigu haien bizitzako une erabakigarrian”.

Azoka 9:00etan hasiko da eta goizean zehar garatuko da, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 400 ikasle inguru bilduz. Parte-hartzaileak Zornotzako eta inguruko hainbat ikastetxetatik etorriko dira, hala nola FP Zornotza, Urritxe, El Carmelo eta Lauaxetatik.

Standa izango duten enpresak
Egitarauak askotariko jarduerak jasoko ditu. Unibertsitateek, Lanbide Heziketako zentroek eta enpresek stand-ak izango dituzte, ikasleei orientazio pertsonalizatua eskaintzeko eta lan-merkatuan dauden aukerak bertatik bertara ezagutzeko.

Parte hartuko dute, besteak beste, Deustuko Unibertsitateak, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak, Mondragon Unibertsitateak, Maristak Durangok, Iurreta LHIIk, Zornotza LHIIk, Idartek, Zulaibar Lanbide Ikastegiak eta Barrutialde LHk. Enpresa hauek ere izango dira: Grupo Gorlan, Adecco, Urbegi, Ormazabal Distribución Primaria, Temporing, Aresar Manufacturing & Sales, IMQ Igurco Orue, Grupo Urgatzi, Dee-Aed eta Lantegi Batuak.

Mahai-inguruak eta topaketak
Era berean, jardunaldiak tailer praktikoak eta solasaldirako guneak izango ditu, mahai-inguruen bidez. Hezkuntza eta enpresa arloko mahaian Aitzol Batizek, Aisilanen ordezkari gisa; Saioa Arzozek, Ormazabalen ordezkari gisa; eta Iragarne Aboitizek, fFP Zornotza ikastetxeko zuzendariordeak hartuko dute parte. Gazteen mahaian, berriz, We Are Clickers taldeko Nagore Bermeosolok eta Grupo Gorlaneko Goizeder Pistore del Castillok parte hartuko dute, eta euren esperientziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte.

Azoka "jarraipena izateko helburuarekin" sortu dela nabarmendu dute udaletik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!