Asteburu honetan bueltan izango da Zornotzako Udaberri Klasika, txirrindulari zaleentzako tradizioa den hitzordua. Hiru lasterketa daude. Apirilaren 4an junior mailakoa 10:00etan, eta kadete mailakoa 16:00etan. Bizkaiko Koparako puntuagarriak izango dira. Domekan, 10:00etan, 23 urtez azpikoen eta elite mailakoen txanda izango da. Bi maila hauetan Euskadiko txapelketak egongo dira jokoan.
Proba guztien artean 600 txirrindulari inguru bilduko dira, "estatu mailako onenak", SC Amorebietako presidente berria den Aitor Fernandezek gaurko prentsaurrekoan adierazi duenez.
Eraginak trafikoan
Lasterketa denak Nafarroa Kalean hasi eta amaituko dira eta trafikoari eragingo diote. Ezingo da aparkatu Nafarroa kalean, San Joan biribilgunetik Nafarroa aparkalekuraino, aparkalekua barne. Horrez gainera, unean-uneko trafiko etenak egingo dira Nafarroa, Bizkargi, Belatxikieta, Jauregibarria eta Azoka kaleetan. Mozketak 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era egingo dira apirilaren 4an, eta 08:00etatik 14:00etara apirilaren 5ean.
Ibilbideari dagokionez, hasieran 'gallo' lez ezagutzen den itzulia egingo dute. Zornotzara bueltan eta obren eraginez, aldaketa bat dago ibilbidean aurreko edizioekin alderatuta: Boroatik sartu eta San Pedro kalea zeharkatu beharrean, nagusien egoitzako kaleko bihurgunera sartu, San Juan kaletik igaro eta osasun zentroko biribilgunean Nafarroa kalerantz hartuko dute. Bigarren itzulian Urritxe, Etxano eta Derandein auzoetatik ibiliko dira, besteak beste, Eubara heldu arte. Handik kadeteak Zornotzara itzuliko dira eta gainerakoek Muniketako itzulia egingo dute helmugarantz zuzendu aurretik.
"Urtez urte proba honek maila desberdinetako txirrindulariak batzeaz gain, gazteen ahalegina, diziplina eta kiroltasuna balioan jartzen ditu. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi ditugu lasterketaren giroaz gozatzera eta parte-hartzaileei babesa ematera” adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.