Ekitaldi sorta antolatu dute Zornotzan Udabarri dantza taldearen 60. urteurrena ospatzeko

Aritz Maldonado 2026ko martxoaren 25a

Aurten 60 urte betetzen ditu Udabarri Euskal Dantzari Taldeak. Urteurrena herritarrekin batera ospatzeaz gainera, belaunaldi berriei euskal dantzen transmisioa indartzea da ekitaldi sortaren helburua. Ekainaren 6an izango da urteurrenaren ekitaldi nagusia; 150 dantzarik parte hartuko dute.

Udaberri dantzari taldea gure udalerriko erreferente kulturaletako bat da, tradizioaren eta herri parte hartzearen balioaren adibide argia. 60. urteurren honek taldean parte hartu duten pertsona guztien lana aitortzeko eta euskal dantza herritar guztiengana hurbiltzen jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen du", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Egitaraua apirilaren 18an hasiko da, herriko dendetan jarriko den dantza jantzien erakusketarekin; egun berean, Aiko taldeak Dantza plazaren saio irekia egingo dute. Astebete beranduago, apirilaren 25ean Durangaldeko Ezpatadantzari eguna egingo dute, lehen aldiz Zornotzan. Maiatzaren 23an eta ekainaren 27an ere Dantzan plazan saioak egingo dituzte, lehenengoan Eingo taldeagaz eta bigarrenean Larrain dantza taldeagaz. Uztailaren 16an, Karmen egunean, Larran egingo duten ekitaldian parte hartuko dute; irailaren 19an, ostera kalejira eta herri bazkaria egingo dituzte. 

Azaroan itxiko dituzte ospakizun ekitaldian, dantza ikuskizun berezi batekin. "Jende askok lagundu du taldea hona iristeko; familiak, eskolak, udala... isilean lan egin duten guztiei eskertu gura diegu egindako lana, eta belaunaldi berriei hurbiltzeko deia egiten diegu, erreleboa emateko", nabarmendu du Igone Irigoras Udaberriko idazkariak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!