Edozer saltzeko ahalmenaz hausnartzera gonbita, 'Kolapsoa'-n

A.M. 2026ko martxoaren 13a

'Kolapsoa' antzezlana.

Jon Ander Urrestiren Kolapsoa antzezlana taularatuko dute gaur, hilak 13, Zornotza Aretoan. Maite Mugerza, Txubio Fernandez de Jauregi eta Urresti bera publizitate agentzia bateko kideak dira, edozer saltzeko kapazak.

"Den-dena", diote antzerki konpainiako kideek. "Den-dena, baita behar ez duzuna ere. Batik bat, behar ez duzuna", gehitu dute. Azken errekadu batek, baina, ataka estuan ipiniko ditu: ezer gehiago ez erosteko gogoa saldu behar dute. Horrela, gaur egungo aro "turbokapitalista" honetako ekonomiaren hazkundearen metafora legez aurkezten dute antzezlana. "Askok kolapsoaz hitz egitean sistema osoaren amaiera aipatzen dute. Guk, ostera, fikzioa mugagabea eta moldakorra dela erantzuten dugu. Stocka etengabe berrizten dela, joera berriak etengabe agertzen direla. Agian ezingo dugu apokalipsia lehen lerrotik ikusi, baina irudimenaren eraikuntza ahul hau zabaldu dezakegu, eta haren zentzugabetasunaz barre egin", azaldu dute.

Kolapsoa martxoaren 1ean estreinatu zuten, Usurbileko Sutegin, eta Zornotzakoa birako bigarren emanaldia da. Urtea amaitu aurretik, beste hogei bat emanaldi dituzte aurretik; besteak beste, apirilaren 9an, Atxondon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!