STEAM arloan lanean ari diren emakumeak omendu dituzte Zornotzan

Anboto 2026ko martxoaren 8a

Aurtengo edizioan zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea, matematika eta osasun arloan lan egiten duten emakumeei aitortza egin diete.

STEAM arloan lanean ari diren emakumeak omendu ditu aurten Zornotzako Udalak Marixelarre sarien bosgarren edizioan, Zubiondo parkean. Unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan, teknologia-enpresetan, ikastetxeetan zein osasun-arloko zerbitzuetan diharduten emakumeak omendu dituzte "euren ibilbide profesionala eta herriari egiten dioten ekarpena balioan jarriz", udalak oharrean azaldu duenez.

Ainhoa Salterain Zornotzako emakume hauen "lana eta konpromisoa" azpimarratu ditu, zientzia eta teknologiaren arloan egiten duten ekarpena ez ezik, herriarentzat duten balioa ere nabarmenduz: “Gaur aitortzen ditugun emakume hauek erakusten digute talentua eta prestakuntza etxean bertan ditugula. Zientzia eta teknologia ez dira urruneko errealitateak; gure udalerrian ere badira ikertzen, irakasten eta berritzen ari diren emakumeak. Zuen ibilbideak erreferente dira gure neska eta gazteentzat, eta etorkizun berdinzaleago baterako bidea irekitzen jarraitzen dute”, adierazi du alkateak.
Aitortza ekitaldiak mezu argi bat helarazi nahi izan duela nabarmendu dute: neskek eta gazteek erreferente hurbilak behar dituztela.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!