Lan egiteko modua aldatu duzu. Bilbon zenuen denda itxi eta tailerra zabaldu duzu.
Aurretik hitzordua hartuta lan egiten dut orain, bezeroari arreta pertsonalizatuagoa eskainita. Egoera pertsonal latza bizi izan dut, eta zirkunstantzietara egokitzen joan naiz. Dena ondo joan da eta pozarren nago. Ez dut lan gutxiago egiten, beste modu batera baino.
Helburu berdinekin?
Bai, artisautza baloratzen duenari alfonbra berbereak salduta. Eskuz egindako lana estimatzen duen bezeroa da gurea, etxeari balioa ematen diona eta ordaintzeko prest dagoena. Bestalde, zerbitzu bat ematea oso garrantzitsua dela uste dut eta aholkua ematen ahalegintzen naiz, eta ahal dudan denean egokitzen.
Zornotzan diseinatu eta Atlas mendilerroan egindako alfonbra berbereak saltzen dituzu. Horrek egiten du berezi Something Special?
Bai. Milaka urte dira emakumeek alfonbrak egiten dituztela Marokon. Tribu nomadetan etxeko altzari bakarra ziren askotan. Tapatzeko, gainean jesarrita jateko, etzateko, gortina legez... erabili dituzte betidanik. Orain 70-80 urte, Marokoko alfonbra koloretsu eta inperfektu horiek balioa hartu zuten, eta ekoizpena herrialde osora zabaldu zen. Teknika eta material berdinak erabili arren, alfonbra berriek ez dute antzinakoen sentimendurik gordetzen. Baina aukera ematen dute diseinua hemen sortzeko, bezeroagaz. Gero, Marokoko emakumeen kooperatibetan egiten dituzte, eskuz.
Antzinako alfonbrak ere badituzu.
15 urte dira alfonbrak batzen hasi nintzela. Gehienek 50-70 urte dituzte, baina badaukat 100 urte dituen alfonbraren bat. Gatx da horrelakoak aurkitzea. Onenak Amerikan eta Europan daude. Hala ere, Marokora noan guztietan ahalegintzen naiz topatzen, izugarri gustatzen zait bilatze lan hori. Alfonbra bilatzailetzat daukat neure burua.
Badauzkazu berdinak diren alfonbra bi?
Ez, bezero berarentzat ez badira.
Zein da zure lotura Marokogaz?
Izugarri gustatzen zait. Ahizpa han bizi da eta hilero joaten naiz alfonbrak eta ehunak erostera. Etxerako kuxinak, gortinak, ohegainekoak... ere sortzen ditut, bezeroari zeozer gehiago eskaintzeko. Sortzaile legez aberasgarria da gainera.
Gatx da alfonbra bat aukeratzea?
Bai. Gehienak nahiko galduta datoz. Elkarrizketa labur bat izaten dut eurekin, aholkatzeko. Euren premia eta ohiturei buruz galdetzen diet, umerik edo animaliarik duten... Neurriak jakitea ere ezinbestekoa da.
Bost kontinenteetan saldu duzu.
Bai. Namibiara (Afrika) ere bidali dut inoiz, safarietan lan egiten duen Bilboko bezero batentzat. Txinara hainbat, eta Australian ere badut bezero bat. Europan, Brasilen, AEBetan..
Baduzu gogoan enkargu berezirik?
Antzinako alfonbrak ditut gogokoen, horiek transmititzen didate sentsaziorik gehien. Enkargu horiek asko gustatzen zaizkit. Antzinako gauzak maite ditut. Ekintza berezietarako alokatu ere egiten ditut; Netflixi ere alokatu dizkiot, telesail baterako.