Amorebietak azken-aurreko sailkatua bisitatuko du

J.D. 2026ko martxoaren 6a

SD Amorebieta emaitza bolada onak kateatu ezinik dabil denboraldi honetan. Horren adibide dira azken jardunaldiak. Ejea eta Beasain taldeei irabazi eta Naxararen kontra berdindu eta gero, martxa ona hartu zuela zirudien, baina gero Barakaldoren kontrako porrota eta Zaragoza azken sailkatuaren kontrako berdinketa heldu dira.

Bereziki mingarria izan zen azken hori, Zaragozako filiala hamar jokalarigaz aritu zelako lehenengo zatiaren amaieratik. Bigarren zatia indartsu hasi zuten eta aukera argiak huts egin zituzten, baina ezin izan zuten irabazi etxean, zaleen aurrean.  

Testuinguru horretan egingo diote bisita domeka honetan Errioxako CD Alfaro taldeari. Azkenengo sailkatuaren kontra lortu ezin izan zuten garaipena azken-aurrekoaren kontra lortzen ahaleginduko dira. SD Amorebieta hamargarren tokian sailkatuta dago une honetan, eta kasik goiko postuak bezain gertu ditu behekoak. Beraz, asteburuko emaitzak argituko du hurrengo jardunaldietan gora ala behera begira ibiliko diren zornotzarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!