Hubble teleskopioaren 'ama'-ren bizitzan oinarritutako obra Zornotzan

Anboto 2026ko martxoaren 1a

'Nancy Grace Roman' antzezlana. NEXO TEATRO

Nexo Teatrok Zornotzan egingo duen antzezlanak Nancy Grace Roman astronomoaren bizitza errepasatzen du. 

Zornotzako Udalak Martxoaren 8aren harira antolatutako ekintza batzuek emakumeek zientziaren alorrean egindako ekarpenaren garrantzia nabarmentzea dute helburu. Esaterako, Nexo Teatrok Nancy Grace Roman (AEB, 1925-2018) astronomaren inguruko antzezlana ekarriko du Zornotza Aretora, martxoaren 6an, 20:00etan. Grace AEBetako espazio agentziako (NASA) lehenengo emakume exekutiboetariko bat izan zen. "Hubbleren ama" legez ezagutzen da askotan, Hubble teleskopio espazialaren diseinuan izan zuen garrantziagaitik. Gainera, etorkizunean espazioratuko duten teleskopio batek bere izena izango du. 

Marixelarre sariak
Emakume zientzialariengan azpimarra egingo duen beste ekintza bat Marixelarre sariak dira. Berdintasunaren aldeko ibilbide eta ekimenak aitortzen dituen sari honek STEAM esparruan ikertzen dabiltzan herriko emakumeak omenduko ditu aurten. Baita ikerlari horiek sustatzeko STEAM gaiak ematen dituzten herriko andereño eta irakasleak ere, eta esparru honetan ikasken eta lan egiten dabiltzan emakume zornotzarrak. Urteroko ohiturari eutsita, sariak emateko ekitaldia martxoaren 8an izango da, 13:00etan, Zubiondo parkean. 

Antolatzaileek gogoratu dutenez, saridunen profila duten herriko emakumeek oraindino denbora dute euren izena Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) emateko, martxoaren 8ko ekimenetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Horrez gainera, HAZera joanez gero, Rosalinda Incardonak saridunentzat sortutako lamina bereziak jasotzeko aukera dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!