Zein da aurtengo Martxoaren 8ko egitarauaren ardatz nagusia? Zer nabarmenduko zenuke aurreko urteetako programazioekin alderatuta?
Aurtengo egitarauaren ardatza emakumeen eskubideen eta genero berdintasunaren aldeko konpromisoaren inguruan kokatzen da, emakumeek gizartean duten rola eta haien ahalduntzea lehenengo planoan ipinita. Programazioan emakumeen protagonismoa eta feminismoaren balioak indartzen dira, eta ikuspegi integrala eskaintzen da, hainbat arlotan, hala nola hezkuntzan, kulturan eta ekonomian, emakumeen parte-hartzea bultzatuta. Egitarauan adin eta interes oso desberdinetako pertsonei zuzendutako jarduerak daude, umeei, nerabeei zein nagusiei zuzendutakoak. Jatorri desberdinetako emakumeengan ere ipiniko dugu begirada.
Zergaitik izan da garrantzitsua aniztasun hori lantzea eta islatzea?
Funtsezkoa izan da, emakumeen errealitateak eta bizi baldintzak oso anitzak direlako. Ume, nerabe eta helduek, eta jatorri desberdinetako emakumeek bizi dituzten erronkak eta dituzten beharrizanak desberdinak dira. Hori dela eta, egitarauak herritar guztien elkartasuna bultzatu gura du, bakoitzaren errealitateak errespetatuta eta denek elkarregaz bat eginda.
Martxoaren 2ko Giza Liburutegiak ekimenak pertsona migratuen testigantzak lehen eskutik entzuteko aukera eskainiko du. Zergaitik da garrantzitsua horrelako ekimen bat antolatzea?
Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldian egin zen aurretik. Han, euskaraz berba egiten duten emakume atzerritarren testigantzak entzuteko aukera egon zen. Antolatutako ekimen honek ere garrantzi handia du; izan ere, migratzaileen bizipenak zuzenean entzuteko bidea ematen du, eta horrek gizartean ulermen eta enpatia handiagoa sortzen laguntzen du. Ekimenak kulturen arteko zubiak eraikitzea errazten du, eta herritarren artean elkarbizitza eta integrazioa bultzatzea. Horrela, gizarte inklusiboago eta solidarioago bat eraikitzea lortzen da, desberdintasunak hobeto ulertuta eta gaindituta.
Emakume Artisau eta Nekazarien Azokak 28. aldia egingo du Martxoaren 8an. Zenbat postu egongo dira eta zeren ingurukoak dira?
Guztira, hogei postu egongo dira. Postuen artean askotariko eskaintza egongo da: alde batetik, elikagai eta nekazaritza produktuak, hala nola haragia, ogia, gozoak, pastelak, pateak eta ongailuak; eta bestetik, artisautza eta sormen produktuak; besteak beste, ehungintza, bitxiak, zeramika, dekorazioa eta osagarriak. Horrez gainera, Bidezko Merkataritzako postu bat eta jasangarritasunagaz loturiko beste bat ere izango dira, azoka anitza eta kalitatezkoa osatuta.
Greenpower herri zirkuitu bat izango dugu martxoaren 7an. Zer da Greenpower ekimena eta nondik ibiliko dira?
Ikasleek egindako auto elektrikoen lasterketa da, Zornotzan egiten den ekimen bat. Parte hartzaileak eurek diseinatu eta eraikitako ibilgailuekin lehiatzen dira. Aurtengoa hirugarren edizioa da eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu dute, emakumeen parte-hartzea azpimarratzeko. Martxoaren 7an, arratsaldean, parte hartzaileak Zelaieta parkean aurkeztuko dira, eta, ondoren, lasterketa Ixerreko parkingean izango da; erakustaldiak ere egongo dira, bertako karpan.
Marixelarre sariketak bosgarren aldia egin du aurten. Zein da bost urte hauen balorazioa? Hasieran markatutako helburuak lortzen dabil?
Bosgarren edizio honegaz, helburuak bete egin direla baieztatu daiteke. Marixelarre sariak azken urteotan emakumeen ekarpena gizarteratu, haren balioa azpimarratu, eta emakumeen ahalduntzea eta ikusgarritasuna indartu du. Ekimenak emakumeen artean elkartasuna indartzea bultzatu du, aurreiritziak gaindituta eta berdintasunaren aldeko urratsak emanda. Horrek gizarte inklusiboago baten aldeko urratsak ematea ekarri du eta eragin positiboa izan du udalerrian.